Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB | Bertsoikasgela Bertsozale Elkartea
Bertsoeskolak Bertsoeskolak

Doluak dolu

2024-10-01

Galera txikiak eta handiak, bizitzan zehar.
PDF
1.
Bizitza hain da eskuzabala,
hain ditu altxor anitzak...
Ematen ditu amets ederrak
eta leku sinesgaitzak,
esperientziak eta pertsonak
gure arimen zurkaitzak...
Bainan emanen dizun guzia
kenduko dizu bizitzak.

2.
Aldatzen dira gure harremanak,
joaten dira lagunak
eta ez gara bihozgabeak
edo ahalguzidunak;
dolu ttikiak bizi ditugu
sakonak eta ilunak,
bakoitzak gure denborarekin
gaindituko ditugunak.

3.
Aldatzen dira bizilekuak,
hondatzen dira ametsak,
eraikitako zimendu batzu
jotzen ditu azken beltzak.
Aldaketa bat zaila da bainan
garapen bide da, behintzat...
Heriotzaren hoztasun bera
du aldaketarik ezak.

4.
Badira dolu garratzagoak
amildegi gaiztoenak
zure erabakiz hautatu gabe
labanaz heldu direnak
har zure ondoan egonarri bat
lagunduko dizu senak
ta isiltasunak erran ditzala
maitasun hitz beroenak.

5.
Oroitzapenen zurrunbiloan
gure minari lotzean,
doluak ere goxotasuna
badu bere bihotzean.
Bainan ez ahantz ematen duzun
urrats ttiki bakoitzean,
bizitza beti aurrean dela
eta zilo bat atzean.

6.
Zilo horretan eror zaitezke
bainan ez zaitela kezka,
zure baitarik ezin baduzu,
hasi laguntza galdezka.
Doluak dolu eta minak min
bizitza beti da festa,
sufrimendua maitasunaren
miraila bat baizik ez da.