3.Urratsa / 1.Ikasturtea
Entzuten zeudenek bertsoak gogoan hartu, buruz ikasi eta gerora idatziz jaso ziren aleak dira gaur ezagutzen ditugunak (gehiago ere botako zituzten akaso). Zehazki, Juan Frantzisko Xenpelarren ilobak, Joxepa Anttoni bertsolariak, etxean zituen eskuz idatzitako paper batean zazpi bertso hauek.
Musarro ez omen zen gauza Xenpelarri bat-batetan erantzuteko; etxera joan, patxadaz pentsatu eta biharamunean kantatzen zion erantzuna. Xenpelarrek bat-batean erantzun eta Musarro ostera etxera pentsatzera… Honela egin omen zuten.
Juan Frantzisko Xenpelar baztangak kutsatuta zegoela, hilzori, berekin etxean giltzaperatu zen Maria Luisa arreba bertsolaria. Maria Luisa haurdun zegoen eta lau urteko alaba txikia (Joxepa Anttoni) aitarekin utzi zuen, Juan Frantzisko zaintzeko.
Baztanga hilgarria eta kutsakorra izanik, erabat debekatuta zegoen gaixoen etxera sartzea. Gau batean Musarro adiskide mina etxera azaldu zitzaien, isilka eta ezkutuan, bisitan.
Azkenean baztangaz hil ziren etxe hartako denak: lehenik Juan Frantzisko, ondoren Maria Luisaren haurtxo jaioberria, eta azkenik Maria Luisa.
Joxepa Anttoni txikiak lau urterekin galdu zituen ama bertsolaria eta osaba bertsolaria; ez zuen aukerarik izan ama eta osaba fabrikan elkarri bertsotan ikusteko. Baina handitzean, Joxepa Anttoni bera ere Fabrika Handian ariko zen bertsotan (nahiz errespuesta emateko lagunik ez izan), eta berak jasotako paperei esker ezagutuko ziren gerora osaba Juan Frantziskoren hainbat bertso…
