Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB | Bertsoikasgela Bertsozale Elkartea
Bilaketa lupa Bertsoeskolak Bertsoeskolak

Solferinoko itsua

1864an, Anton Abadiak Saran antolatutako sariketan, bigarren saria jaso zuen sorta honek. «A. Salaberry» sinatu zuen autoreak; ikerlari batzuen hipotesia da Elizanburu izango zela. Solferino, Italiako herri bat da. 1859an gudua izan zen bertan; Italiaren bateratze prozesuan zeuden eta, Solferinon, frantziar eta sardiniar armadak austriarren armadari gailendu zitzaizkien. Gudu hartan itsututako soldadu baten istorioa kontatzen du sortak, lehen pertsonan. Elizanburu bera ere, apaiz ikasketak utzita, Frantziako armadan sartu eta kapitain izan zen. 1871an, Napoleon menderatua izan zenean, itzuli zen Sarara.
1.
Armen hartzera deitu ninduen
gazterik zorte etsaiak
urrundu nintzen herri alderat
itzuliz usu begiak. (bis)
2.
Zorigaitzean baitut ikusi
Solferinoko hegia!
Alferretan dut geroztik deitzen
iguzkiaren argia. (bis)
3.
Nihoiz enetzat ez da jaikiren
goizeko argi ederra
zeru gainetik nihoiz enetzat
dizdiraturen izarra. (bis)
4.
Betiko gaua, gau lazgarria,
begietara zait jautsi
ene herria, ene lagunak,
nihoiz ez behar ikusi! (bis)
5.
Ene amaren begi samurrak
betiko zaizkit estali
maiteñoaren begitartea
behin betiko itzali. (bis)
6.
Ez aipa niri landa hegitan
sortzen den lili ederra
otoi, ez aipa ur axalean
arinik doan ainara. (bis)
7.
Larrainetako haritz, gaztaina,
mendietako iturri
horiek oro enetzat dire
amets histu bat irudi. (bis)
8.
Herriko bestan, gazte lagunak
kantuz plazara dohazi
eta ni beltzik etxe zokoan,
irri egiten ahantzi. (bis)
9.
Oraino gazte, gogoz ez hoztu,
eta biziak lotsatzen...
Dohakabea! Zer eginen dut
Jaunak ez banau laguntzen? (bis)
10.
Ai, aski hola! Jainkoa, barka,
begira zure haurrari!
Kontsolamendu zerbait emozu.
Noizbait duzu urrikari. (bis)