Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB | Bertsoikasgela Bertsozale Elkartea
Bilaketa lupa Bertsoeskolak Bertsoeskolak

Amerikanoa ta neskatxa

Amerikanoa ta neskatxa
Amerikan aberastutako gizon bati Oiartzungo Galtzareta baserriko neska gaztea gustatzen zitzaion. Garai hartako moldetan, emakumearekin berarekin hitz egin aurretik, lehenik gurasoekin egin zuen “esposatzeko” tratua. Joan da gero emakumearengana; berekin ezkondu nahi zuela, hitzez esaten ausartzen ez, eta bertsotan azaldu zion.
1.
AMERIKANOA
Zure aita ta amak eta nik
hitzez tratatu genduan
ahal baldin bazan esposatzeko
biok aurtengo neguan
oraintxe laixter esan behauzu
zer dadukazun goguan;
bazenakizu ni zuretzako
zer gauza ona naguan!
2.
NESKATXA
Zu gauza ona baldin bazaude
munduan ez da txarrikan
badirudizu gaur bertan irten
zerala infernutikan
nahiagatikan ez dezu entzungo
nigatik baiezkorikan
ez zait gustatzen zu bezelako
mutilzahar itxusirikan.
3.
AMERIKANOA
Ez al diozu begiratutzen
nere poltsa-diruari?
Hortatik sobra dabilkigunak
gauza daukagu ugari.
Ez al dituzu ikusi izandu
herrian zenbat dendari
jatekorikan eman nahi ezik
dirurik ez duenari?
4.
NESKATXA
Horrelakorik ez det aditu
jaiotzetik oraindaino
nere negarra zabalduko da
Amerikatik hauntzaino
zuk izan arren urre ta zilar
zerorri estaltzeraino
nik nahiago det neskazahar bizi
zurekin ezkondu baino.

Antonio Zavala ikerlariak jaso zizkion bertso hauek Jose Manuel Lekuona “Lexoti” bertsolariari (1925-2006 Oiartzun). “Lexoti”k ez zekien bertsoak nork eginak ziren, baina “neskatxa” Galtzareta baserrikoa zela zion; Galtzaretan, ezkondu aurretik gizonekin bertsotan noiznahi aritzen zena, Martzelina Lopetegi zen; Antonio Zavalaren ustez, Martzelina izango zen bertso hauetako “neskatxa”.
“Amerikanoa” nor zen, auskalo…