Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB | Bertsoikasgela Bertsozale Elkartea
Bilaketa lupa Bertsoeskolak Bertsoeskolak

Lukas adixkideari

Lukas Urepeleko herritar bat zen, Amerikara gazterik joana. Azken aldera bixita batzuk egin zituen Urepelera eta bertsozale beroa zen: Mattin ere ekarrarazi izan zuen Urepelera, Xalbadorrekin kanta zezan. Behin, egonaldi baten ostean, Lukasek Amerikatik dirua igorri zion erretoreari, apaiz etxean bazkaria egin zezaten lau lagunek (tartean zen Xalbador); bazkaldu soilik ez, afaldu arte ez ziren atera apaizarenetik! Lukasi eskerrak bidaltzeko, bertsoak jar zitzala eskatu zioten lagunek Xalbadorri.
1.
Ene Lukas maitea,
zer bihotza duzun
gutaz arta hartzeko,
izanik hoin urrun!
Beldurtzeko da Euskal
Herrian ez dugun
zu bezalakotarik
bi miletan ehun.
2.
Haragia ausarki,
herriko ogia
mugaz bertze aldetik
karri edaria
pare gabea zela
da egi haundia
guk zure diruekin
egin bazkaria.
3.
Beti orroituko naiz
ikustate hortaz
ene lagunak ere
kontent ziren arras
denek maiz giniola:
“Gizagaixo Lukas!”
Han etzen egun hartan
zu bertzerik eskas.
4.
Musean iragan da
gero atsaldea
nik laguntako nuen
ogi egilea
Aguxtinek Battitta,
gure abadea
ez idurian hauxe
zer xori parea!
5.
Gezurrak haizu ziren,
hori betikoa
zaharrek inbidoa
ta guk hordagoa
nahiz denek berdintsu
ginuen jokoa
gaztek galdu dugula
erran gabe doa.
6.
Holaxet iraganik
uros atsaldea
han berean jin zauku
afal tenorea
berriz jan eta hartu
etxeko bidea
zuretzat ezagutzaz
bihotza betea.
7.
Etxeko bide hortan
ez ginazan gaizki
loanes, Aguxtin ta ni,
hiru ginen naski
askotan ixilago
joan dira zazpi
eta bide guzia
ez ginuen aski.
8.
Lagun on horiekin
zinez laketu niz,
orok omorea on
kantuz eta irriz.
Oi, egun eder hori
berrituko balitz!
Zuk nahi duzunean
gu prest gira berriz.