Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB | Bertsoikasgela Bertsozale Elkartea
Bilaketa lupa Bertsoeskolak Bertsoeskolak

Herria eta hizkuntza

Bi herritarren arteko eztabaida azaltzen du sortak. Bata frantsesez mintzo da, Euskal Herri aske baten alde. Bestea euskaraz mintzo da eta frantses herritarra sentitzen da. Bi lagun horien kontraesanak bistaratzen ditu Xalbadorrek, beretzat herria eta hizkuntza bat direnez. Kantua ezagun egin zen Mikel Laboaren ahotsean; “Lau Bost” diskoan kaleratu zuen lehen aldiz (1980 Xoxoa).
1.
Iragan egun batez,
ostatu batean
bi lagun ari ziren
eztabai betean
biak ziren euskaldun
zintzoak ustean
halere ezin adi
elgarren artean
entzuten egona naiz
omore tristean.
2.
Ez dut osorik hartu
baten parabola
erdaraz mintzo baitzen,
berak jakin nola:
gure herri maiteaz
zuela axola
hau, bere gain beharra,
bertzen men dagola
“Gora Euskal Herria!”
frantsesez ziola.
3.
Bertzea oldartu zen
euskara garbian:
“Gure hizkuntza ez da
galduko agian!
Hori dugu berexik
guk Euskal Herrian
gainerakotan gaude
bertzen neurrian
frantses eginak gira
joan den aspaldian!”.
4.
Bi gizon horietan,
zuhaitz onekoa
batek hondoa zuen,
bertzeak hostoa
gauza arraro hori
ez dut gustokoa
mendian bizi arren,
dut ikustekoa
gaztainaren aldaxkez
jauntzirik pagoa.
5.
Bat herria goratzen
arrotz baten gisa
arrotz nahiak berriz
herriaren hitza
gureak ja egin du,
gaiten garbi mintza
lanopean bezala
galduak gabiltza
ez daizke bi nagusi
batean zerbitza!
6.
EIgarri direlakotz
bi gizon jazarri
gauza bat bera dute
bi pusketan zarri
erakatxi nahi tut
nik puskak elgarri
gure hizkuntza eta
gure Euskal Herri
konparatzen baititut
izaite bateri.
7.
Anai-arrebak, entzun
ene aho hotsa:
izaite bat ez daike
hezur hutsez osa
herria da gorputza,
hizkuntza bihotza
bertzetik berextean
bitarik bakotza
izaite horrendako
segurra hilotza.
8.
Batzu herriaz oroit,
euskaraz ahantzi
bertzek euskara maita,
herria gaitzetsi
hizkuntza ta herria
berex ez doatzi
berek nahi daukute
konpreniarazi
bata bertzea gabe
ez daizkela bizi.