Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB | Bertsoikasgela Bertsozale Elkartea
Bilaketa lupa Bertsoeskolak Bertsoeskolak

Agur sagar beltzeran

Telebistako izar bihurtuta, herritik alde egin duen pertsonaia famatuari jarritako sorta. Pantailan objektu desiragarri gisa tratatzen dute; euskara baino erdara erakargarriagoa zaio izarrari. Kantua Anje Duhalderen ahotsean egin zen ezagun, “Anje Duhalde Xabier Amurizaren kantari” CDaz (1990 IZ).
1.
Gogoan al dun nola
biok parez pare
izan ginen urondo
bereko landare.
Gero egin haiz zuhaitz
arrotzeko lore
badun nik ez dakidan
hainbeste kolore:
zenbat aldatu haizen
sinesteko ere!
2.
Alde huen herritik
igandean goizik
hemen ez omen baitzen
betikoa baizik.
Pantailan omen habil
orain oso pozik
behin erdi estalita
behin erdi biluzik:
Ez ninan sinestuko
neuk ikusi ezik.
3.
Eguzkiz makilatu
dinate azala
jantzi eta erantzi
panpina bezala.
Hi omen haiz harako
irla ideala
zoramen-haitzak eta
zorion-itzala:
Ez dun sinesten baina
ematen dun hala.
4.
Oraindik ezin dinat
buruan bat egin
joan hintzen usoa
“txoriñe” honekin.
Maite haut esateko
zenbat hots ezberdin
Oh ma cherie, Oh mi amor!
I love you my darling:
Sinestu dien eta
hireak egin din.
5.
Amodioa hire
ager-ostenetan
teatroa besterik
ez dun gehienetan.
Hi azukrontzi jarri
haute banaketan
begiak euliak lez
ibiltzeko bertan:
Zail dun sinesten baina
hala dun benetan.
6.
Yo te adoro, Oh my love!
Ene mon-amour-a!
Ez al zain higuingarri
delako murmurra?
Betiko tuntun horrek
behar din gezurra
edo beste egien
estalki maltzurra:
Zulatu didan neukan
sineste apurra.
7.
Loriak udan ihintza…
Lizar gerri lerden…
maitaleak horrela
mintzo gaitun hemen.
Ez dun hain “guaia” baina
euskaraz bederen
hobeto jakiten dun
egia ote den:
Hik dena sinestu dun
ulertu baino lehen.
8.
Ez dinat ukatuko
berezko lilura
loreak ere joaten
ditun merkatura.
Sal-erosian habil
eskutik eskura
heuk zer balio dunan
ez zaien ardura:
Sinestea zertan den
gure neska hura!
9.
Halako marka berri
galanten aukera
turbo-motorra eta
bi izter gainera.
Prezioa jartzen din
bularren parera
tristura jaitsi zaidan
gogo barrenera:
Ezin dinat sinistu
hi haizela bera.
10.
Itxaropena azken
galera izanik
hirekin bera ere
galdua dinat nik.
Joanak ez din mugarik
hartara emanik
batez ere ez badu
itzultzeko planik:
Sinesterik horrela
galduko hintzanik!
11.
Agur, sagar beltzeran
edo beilegia
agur, betiko hire
izar aurpegia.
Izango haiz ederra
baita ederregia
ez, ordea, maitea
ezin alegia:
Heuk ez sinestu baina
hori dun egia.