Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB | Bertsoikasgela Bertsozale Elkartea
Bilaketa lupa Bertsoeskolak Bertsoeskolak

Limosnatxo bat

Eskale zahar baten nahigabea, gaztetan odol beroz gerrara joan izanagatik; itsu eta eri itzuli zen gerratik. Pello Mari Otaño gaztea zela II. Karlistaldia piztu zen eta 18 urterekin Argentinara joatea erabaki zuen, seguru asko gerratik ihesi. Sorta hau 1893an argitaratu zuen, Euskal Erria aldizkarian. 1897an Donibane Lohizuneko (Lapurdiko) hitz neurtuen sariketara aurkeztu zuen eta bigarren saria jaso zuen (50 libera).
1.
Mutil koxkor bat itsuaurreko
zuela aldamenian
gizon burusoil, bizar zuri bat
bi makuluren gainian
kale eskinan ikusi nuen
inora ezin joanian
ta bera nor zan jakin nahiean
inguratu nintzanian
limosnatxo bat eskatu zidan
Jainkuaren izenian.
2.
Zerbait emanaz galdetu nion
ahal zan modu onenian
jaiotzatikan al zeukan ala
gaitzak hartua mendian
erantzun zidan: “Ez, semia, ez
nik sasoia nuenian
ez nuen uste iritsitzerik
honetara azkenian...
Gaur limosna bat eskatutzen det
Jainkuaren izenian”.
3.
Eta segitu zuen esanaz:
“Lehengo gerrate denian
ni aurren xamar ibiltzen nintzan
beti edo gehienian
nekatu gabe aisa igoaz
aldapik luzienian
ez zan burura asko etortzen
gu hala genbiltzanian
gero limosna eskatutzerik
Jainkuaren izenian.
4.
Odolak bero eta burua
harrua daguenian
edozein moduz sartutzen da bat
halako itsumenian
atsekabe ta negar saminak
badatoz ondorenian
nola ere bait batek bizia
utzitzen ez duenian
limosnatxo bat eskatu bihar
Jainkuaren izenian.
5.
Inoiz pentsatzen nere artian
ni jarritzen naizenian
gaur ere asko dirala joango
lirakenak zuzenian
ez luke inork sinistatuko
zer pena ematen dian.
Ai! Horla nintzan ni ere sano
ta gazte nenguenian...
Gaur limosna bat eskatutzen det
Jainkuaren izenian.
6.
Ai! Txorakeri asko egiten
da zentzurik ez danian
sinista zazu ur hau pasia
daukanaren esanian
hobiago da sasoi dan arte
saiatutzia lanian
negar eginaz ibili gabe
gero denbora joanian
limosnatxo bat bildu ezinik
Jainkuaren izenian”.