Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB | Bertsoikasgela Bertsozale Elkartea
Bilaketa lupa Bertsoeskolak Bertsoeskolak

Habanera

“Habanera” abestia 1991n plazaratu zuen Xabier Letek, “Eskeintza” diskoan (Elkar). Kubako musika genero bat da habanera (hortik du hiriburuaren izena). Letek kantu honekin Kubara garamatza, doinuz bezala hitzez ere, nostalgiaz.
1.
Berriro itzuliko balitz
iragan denbora arrotza
berdin kontsumi nezake
banilla gozo artean
itsaso urrun batetan
irudimena galdurik
udaberriko euritan
larrosak pizten ikusiz.
2.
Osaba komertzianterik
ez nuen izan Habanan
pianorik ez zegoen
bizi nintzen etxe hartan
neskatxen puntilla finak
udako arratsaldetan
errosario santua
neguko gela hotzetan.
3.
Ezpainek gordetzen dute
ezpain bustien gustoa
desiozko hotzikaran
etsipenaren tamalez
gauak zelatan dakusat
kontzientzia bilutsik
badoaz ordu geldiak
gogorapenen hegalez.
4.
Jaio ginen, bizi gera
ez dugu ezer eskatzen
itsasontzia astiro
kaiatik ari da urruntzen.
Antillak zintzilik daude
argazkien paretetan
karta bat idatziko dut
norbaitek erantzun dezan.
5.
Tabako, ron ta kanelaz
sukartutako ametsetan
algarak entzuten ziren
Habanako putetxetan
abanikodun mulatak
gauari haize egiten
musiken aide nagiek
odola erretzen zuten.
6.
Jaio ginen, bizi gera
ez dugu ezer eskatzen
itsasontzia astiro
kaiatik ari da urruntzen.
Antillak zintzilik daude
argazkien paretetan
karta bat idatziko dut
norbaitek erantzun dezan.