Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB | Bertsoikasgela Bertsozale Elkartea
Bilaketa lupa Bertsoeskolak Bertsoeskolak

Iparragirre abila dela

Juan Frantzisko "Xenpelar" bertsolariak, Iparragirreri botatako bi bertsoak, Donostiako sagardotegi batera.
1.
Iparragirre abila dela
askori diot aditzen
eskola ona eta musika
hori hoiekin serbitzen.
Ni ez nazu ibiltzen
kantuz dirua biltzen
komediante moduan
debalde festa preparatzen det
gogua dedan orduan.
2.
Eskola ona eta musika
bertsolaria gainera
gu ere zerbait izango gera
horla hornitzen bagera.
Atoz gure kalera
baserritar legera
musika hoiek utzita
Errenterian bizi naz eta
egin zaidazu bisita.

Bi bertsolariak xextran

“Xenpelar Bertsolaria” liburuan jasota dagoenez, bertso honen gertaera halaxe izan omen zen:

Xenpelar eta Iparragirre Donostiako sagardotegi batean egokitu ziren, eta Iparragirrek esan:

-Etorri nahi al duk nirekin? Nik soinua jo eta hik bertsoak kanta, ederki biziko gaituk!

Xenpelarrek ezetz. Eta Iparragirrek segi:

-Hik beti doinu zaharrean kantatzen dituk bertsoak; ez izan gauza nire doinu berriaz bertsoak egiteko… hargatik ez duk nirekin etorri nahi!

Eta Xenpelarren erantzuna hauxe izan zen: doinu berriaz (uste denez, Iparragirrek sortua zuen doinu berriaz) bi bertso hauek botatzea.