Iparragirre abila dela
askori diot aditzen,
eskola ona eta musika
hori hoiekin serbitzen.
Ni ez nazu ibiltzen
kantuz dirua biltzen
komeriante moduan;
debalde festa preparatzen det
gogua dedan orduan.
Doinuaren eta bertsoaren berri
Doinuaren sortzailea: ikertzaile batzuen ustez, Joxe Mari Iparragirre (1820 Urretxu – 1881 Itxaso, Gipuzkoa).
Bertso honen egilea: Juan Frantzisko Petriarena “Xenpelar” (1835 – 1869 Errenteria, Gipuzkoa).
Egun, errima aldatzen da tarteko bi puntu motzetan. Jatorrizko bertsoetan, errima aldatzen zen azken bi puntuetan.
“Xenpelar Bertsolaria” liburuan (Auspoa, 1969) jasota dagoenez, bertso honen gertaera halaxe izan omen zen: Xenpelar eta Iparragirre Donostiako sagardotegi batean egokitu ziren, eta Iparragirrek esan: -Etorri nahi al duk nirekin? Nik soinua jo eta hik bertsoak kanta, ederki biziko gaituk! Xenpelarrek ezetz. Eta Iparragirrek segi: -Hik beti doinu zaharrean kantatzen dituk bertsoak; ez izan gauza nire doinu berriaz bertsoak egiteko… hargatik ez duk nirekin etorri nahi! Eta Xenpelarren erantzuna hauxe izan zen: doinu berriaz (uste denez, Iparragirrek sortua zuen doinu berriaz) bi bertso botatzea. Hauxe da lehen bertsoa.