Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB | Bertsoikasgela Bertsozale Elkartea
Bilaketa lupa Bertsoeskolak Bertsoeskolak

Kantari euskalduna

Kantu honetan Iparragirrek azaltzen du nola dabilen munduan barna, artista bizimoduan, gitarraz kantari. “Gernikako Arbola” euskal ereserkia Iparragirrek egina da, 1853an; badu “Gitarra zahartxo bat det” doinuaren traza.
1.
Gitarra zahartxo bat da
nerezat laguna
honela ibiltzen da
artista euskalduna.
Egun batean pobre
beste batez Jauna
kantari pasatzen det
nik beti eguna.
2.
Nahiz dela Italia
orobat Frantzia
bitan bilatu det
anitz malizia...
Ikusten badet ere
nik mundu guzia
beti maitatuko det
Euskal Herria!
3.
Jaunak ematen badit
neri osasuna
izango det oraindik
andregai bat ona
hemen badet frantzesa
interesa duna...
Baina nik nahiago det
hutsik euskalduna.
4.
Agur Euskal Herria
baina ez betiko
bost edo sei urtean
ez det ikusiko...
Jaunari eskatzen det
grazia emateko
nere lur maite hontan
bizia uzteko.

Iparragirre, munduan barna kantari

 

Lehen Gerrate Karlista hasi zenean, 14 urterekin, soldadu sartu zen batailoi karlistan. Gerran hasi zen
Iparragirre gitarra jotzen, kantuan eta bertsotan. Gerran bere gitarra zahartxoak eta kantu politikoek
estatuetatik kanporatu zuten birritan: Frantzian 1848. urteko iraultzan parte hartu zuen eta, agidanez,
barrikadetan “La Marseillese” ereserkia kantatzeagatik, Napoleon III.aren gobernuak Frantziako lurraldetik
kanpo ezarri zuen, arriskutsua zela-eta. Espainian 1855ean gobernari liberalek estatutik kanporatu zuten,
bere jarduna arriskutsua zela iritzita.
Munduan barrena ibili izan zen bere bizialdi guztian: Madrilen, Frantzian, Suitzan, Italian, Alemanian,
Londresen eta Ameriketan izan zen. Buenos Airesen (Argentinan) bizi izan zen urtetan, han ezagutu zuen
andre gipuzkoar batekin ezkonduta.
1878an itzuli zen Euskal Herrira. Omenaldi asko egin zizkioten arren, guztiz pobre bizi izan zen hil arte.
Kantu honetan islatu zituen desira guztiak bete zituen halere.