Tibeteko hartza baten begiradatik idatzitako sorta, Himalaiako mendi-gailurrak konkistatzeko
gizakien jarreraz edo “himalaismoaz”.
Kantua “Fauna txiki bat bertso berritan” diskoan atera zuten Jon eta Aitor Sarasua anaiek
(1995 Elkar).
1.
Gogoan daukat, ez du aspaldi hartz bihurrion lilura izerdi hotzez hurbiltzen ginen buru ilun lurruntsura. Hainbeste maite genuen tontor sakratuaren itxura hurbil ta urrun haizez gordea begira beti zerura gizonik inoiz iritsi ez zen toki bakarra zen hura.
2.
Kutizigune bihurtu ohi du gizonak leku ederra. Gure mendira ere sartu zen azal zuri, begi fierra* konkistarako abila bezain otoitzerako alferra mendi magala bihurtuz bere irrika-toki ankerra sokaz ta burniz prantatu* zuen gailurren kontrako gerra.
3.
Gailurrei gerra irabaztea omen da marka itzela bi txanponekin morroi harturik hemengo gizon zimela zeinek lehenago ta sarriago horixe jolas krudela bide hau hura baino zailago badela eta eztela dirua omen daukatelako eurena balitz bezela.
4.
Sokaz lotuta, burniz josia utzi dute mendi gaina hondra delako hitz bat omen da jasotzen duten ordaina gure hitzetan arrotzak dira “heroe” eta “azaina” hauen ekintzei zentzu izpirik ez zaie ikusten baina gure amorruak ez du balio haien foto batek haina.
5.
Beren bihotzen txikitasuna agian zaie mingarri ta sentsazio norgehiagokak ditu honaino ekarri gure mendira etorri dira auskalo zeren egarri misterioa kendu diote eta ikurriñak jarri noizbait mendia gurtu genuen ezjakinon lotsagarri.