Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB | Bertsoikasgela Bertsozale Elkartea
Bilaketa lupa Bertsoeskolak Bertsoeskolak

Amunari

Amunari
Zaintza lana eskertuz, hil den amonari.
1.
Iruritarra zinen jaiotzez
familian jateko lain.
Kristobalekin ezkondu zinen
Gorritiraino gainez gain.
Hamalau seme-alaben ama
etxekoandre, umezain.
Bizi laurogeita hamabost urtez
begiak itxita orain.
Beti irrifar bat ezpainetan
Agapita Barasoain.
2.
Etxetik irten aurretik beti
kezkatan, pentsamentuan
“Julio arroltze bat nahi al duzu?
Iñen datzut momentuan”
“Ezetz amuna” (etsitzen zuen
hirugarren intentuan)
“Ta pañueloa hartu al duzu?
Tori, eraman eskuan”.
Nonbait bi bihotz zenituen guk
bakarra dugun lekuan.
3.
Beti xahartuta ikusi zaitut
beti aurpegi ximela
beti soineko ilun batekin
mantal azpian sabela
tokilla more bat bizkarrean
atzo, gaur, bihar bezela.
Jakin nekien lur honetatik
denak joaten ginela
baina batzutan sinesten nuen
zu betirako zinela.
4.
Begiak biltzen nituen zure
aldameneko ohatzean
esnatzen zinen bi-hiru aldiz
nik buelta erdi ohartzean
komunera joan eta etorri
nigana gerturatzean
leihoa ireki, gaua usaindu,
lanpara argiz atzean.
Orain arnasa falta zait zure
ohatzera begiratzean.
5.
Heriotza da beti heriotz
bere malko, bere minen
baina honek zer kendu didan ez
nuke esaten jakinen
bizitza ez zait aurrera lehen
bezalakoa eginen
amuna eta biloba baino
zerbait gehiago baikinen
zuk “seme” deitzen ninduzun eta
zu niretzat ama zinen.
6.
Pazko, udara, urtezahar-berri
igandeetako aintza
jendez betetzen zen sukaldea
mahai inguruko zaintza
kafesnea ta galletak zure
bisitaroko eskaintza
familiako enborra zinen
maitakorra, berdingaitza
orain jakingo al dugu nola
mantendu zutik zuhaitza.