Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB | Bertsoikasgela Bertsozale Elkartea
Bilaketa lupa Bertsoeskolak Bertsoeskolak

Izarren hautsa

“Izarren hautsa” poema Xabier Letek argitaratu zuen “Bigarren poema liburua”n, 1974an. 1975ean Mikel Laboak kantu bihurtu zuen Leteren poema, “Ikimilikiliklik” ikuskizunean jendaurreratuz (1975- 1978). Ostean, Xabier Letek bere poemaz kantu berria egin eta “Kantatzera noazu” diskoan jaso zuen (1976 Artezi). 1980an Mikel Laboak bere bertsioa “Lau / Bost” diskoan grabatu zuen (1980 Xoxoa). Bertsotan Laboaren doinua baliatzen da, hamar puntuko bertsora egokituta, 3 errimekin.
1.
Izarren hautsa egun batean
bilakatu zen bizigai
hauts hartatikan uste gabean
noizpait ginaden gu ernai*.
Eta horrela bizitzen gera
sortuz ta sortuz gure aukera
atsedenik hartu gabe:
lana eginaz goaz aurrera
kate horretan denok batera
gogorki loturik gaude.
2.
Gizonak badu inguru latz bat
menperatzeko premia
burruka hortan bizi da eta
hori du bere egia.
Ekin ta ekin bilatzen ditu
saiatze hortan ezin gelditu
jakintza eta argia:
bide ilunak nekez aurkitu
lege berriak noizpait erditu
hortan jokatuz bizia.
3.
Gizonen lana jakintza dugu
ezagutuz aldatzea
naturarekin bat izan eta
harremanetan sartzea.
Eta indarrak ongi errotuz
gure sustraiak lurrari lotuz
bertatikan irautea:
ezaren gudaz baietza sortuz
ukazioa legetzat hartuz
beti aurrera joatea.
4.
Ez dadukanak ongi ohi daki
eukitzea zein den ona
bere premiak bete nahian
beti bizi da gizona.
Gu ere zerbait bagera eta
gauden tokitik hemendik bertan
saia gaitezen ikusten:
amets eroak baztertuz bertan
sasi zikinak behingoz erreta
bide on bat aukeratzen.
5.
Gu sortu ginen enbor beretik
sortuko dira besteak
burruka hortan iraungo duten
zuhaitz ardaska gazteak.
Beren aukeren jabe eraikiz
ta erortzean berriro jaikiz
ibiltzen joanen direnak:
Gertakizunen indar ta argiz
gure ametsa arrazoi garbiz
egiztatuko dutenak.

Xabier Leteren doinuaz, "Kantatzera noazu" diskoan