Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB | Bertsoikasgela Bertsozale Elkartea
Bertsoeskolak Bertsoeskolak

Datuak 2022-23

 

Bertso-eskolei buruzko datu orokorrak

Osasun ona adierazten dute, oro har, Bertsozale Elkarteak 2022-2023 ikasturtean bertso-eskolengandik jasotako datuek:

1.507 lagun elkartzen dira 119 herritako bertso-eskoletan beren zaletasuna partekatzeko.

Belaunaldi batetik bestera partekatzen den zaletasuna da gainera, 1.055 haur eta 452 heldu inguru elkartzen baititu; eta horretarako 89 irakasle aritzen dira saioak gidatzeko lanean. 

Euskal Herri mailako datuak dira hauek; lurralde bakoitzeko egoeraren irakurketa egin beharko da orain, tokian tokiko estrategiak diseinatzeko.

Orokorrean zenbakiak osasuntsuak diren arren, etxeko lanak non dauden antzematen ere laguntzen dute datuok. Alderdi horietako bat, datuetan ikus daitekeenez, generoaren esparruan dago.  

 

Partaideak adinaren eta generoaren arabera

Emakume/gizonen parte-hartzea ezberdina da adinaren arabera. 

Partaide guztiak hartuta (1.507), emakume eta gizonen kopuruak orekatuak dira (%50 emakumeak, %50 gizonak). 

Haurren taldeak hartuz gero (18 urtez beherakoak), 1.055 haurretatik %59 dira neskak eta %41 mutilak. 

Helduen taldeetan, 452 kidetatik %29 dira emakumeak eta %71 gizonak.

 

  

 

 

Emakume/gizonen bilakaera, adinean aurrera egin ahala

Haurren taldeetan 1.055 partaide elkartzen dira bertso-eskoletan; helduen taldeetan, aldiz, 452 kide. Esan genezake umetan bertso-eskolan ibili izan direnen artean, helduaroan %43-ak jarraitzen duela. 

Nesken kasuan, helduen taldeetan %22-ak jarraitzen du. 

Mutilen kasuan, %78-ak jarraitzen du helduen taldeetan.

 

 

Helduen bertso-eskoletan emakume eta gizonen kopuruen artean dagoen arrakala bistaratzen duten datuak dira. Zenbakion atzean dauden errealitateak ulertzeko azterketa kualitatiboak beharko dira, datuok galdera asko pizten baitituzte: zergatik uzten duten emakume helduek bertso-eskola; bertso-eskolan elkartzeari utziagatik, bertso munduan jarraitzen duten ala ez (eta zaletasunari heldutasunean nola eta zein guneren bidez ematen dieten jarraipena); edota bertso-eskoletako ohiko dinamiketan zer eraldatu genezakeen, emakumeen parte-hartzea sustatzeko.

 

Taldekatzeetan generoaren aldagaia, haurretan eta helduetan

Emakume/gizonen kopuru orokorrak zein diren ikusi dugu orain arte. Baina kide horien taldekatzeak nola gertatzen dira?

Ondoko grafikoan adierazi ditugu zenbat taldetan dagoen emakume/gizon/ez bitar kide bat bakarra; zenbatetan diren taldean gizonak gehiengoa edo emakumeak gehiengoa; zenbat talde diren erabat gizonez edo erabat emakumez osatuak; eta zenbat taldetan diren emakume/gizonen kopuruak orekatuak.

Grafikoan talde kopuruak daude azalduta. Guztira haurretan 161 talde dira eta helduetan 68 talde.

Haurretan, talde mota ugariena neskek soilik osatutako taldeena da; kide gehienak neskak diren taldeak ere, kopuruz handienetakoak dira haurretan; aldiz, helduetan emakumez soilik osatutako taldeak bakanen artean daude, baita gehiengoa emakumeak diren taldeak ere. Gizonetan, haurretan zein helduetan mantendu egiten dira talde kopuruak: bai soilik gizonez osatutako taldeenak eta baita gehiengoa gizonez osatutako taldeenak ere.

Taldean generoaren arabera kide bakarra izateari dagokionez, ez bitar guztiak dira euren taldean genero horretako bakarrak. Haurretan 21 taldetan gertatzen da mutil bakarra egotearen egoera eta helduetan, aldiz, 2 taldetan. Taldean neska bakarra izatearen kopuruak mantentzen dira haurretan (15 taldetan) eta helduetan (18 taldetan).  

 

Emakumeen partaidetza irakasle rolean

Generoaren beste arrakala bat irakasle funtzioan dago: 89 irakasleetatik emakumeak %30 dira. 

 

 

Partaideek euskara etxean ala etxetik kanpo ikasi duten

Bertso-eskoletan dabiltzan kideetan, zenbat diren euskara etxetik kanpo jaso dutenak eta zenbat etxeko transmisiotik jaso dutenak, datuak jaso ditugu lehen aldiz. Haurretan %18a eta helduetan %22a da euskara etxetik kanpo ikasi eta bertso-eskolara datorrena.

 

    

Talde motak, bertso jardunaren arabera

Taldearen jardunari erreparatuta, izaera anitzeko taldeak daude.

Gehienak, bat-batean trebatzen ari direnak dira (101 talde). Hasiberrien taldeak dira bigarren ugarienak (74). Bat-batean erraz egiten dute 39 taldetan. Txapelketa prestatzeko helburuaz elkartzen dira 12 talde.

 

 

Askotariko taldeak daude beraz, funtzioaren eta bertso mailaren arabera. Ondorioz, irakasleek dituzten behar anitzei erantzuteko moduak fintzea ere izango da begia jarri beharreko beste gai bat. 

 

Bertso-eskoletako irakasleen kontratazioak

Euskal Herrian 89 irakasle ari dira 209 taldetako saioak bideratzen. Horietatik 180 taldetan irakasleak lan kontratua du eta 29 taldeetan, aldiz, ez. Gehienetan Bertsozale Elkarteak kontratatzen du irakaslea (taldeen %77 kasutan); hurrengo kontratatzaile nagusia bertso-eskola edo bestelako erakunde bat da (taldeen %15 kasutan). Oso kopuru apalean egiten dituzte kontratazioak ikastetxeek (6 taldetan), euskara edo kultur elkarteek (3 taldetan) eta udalak (talde bakarrean).

 

 

 

Datuak lau urtero berritzen

Bildutako datuak 2022-2023 ikasturtekoak dira, eta bertso-eskoletako arduradunek eta irakasleek betetako galdetegiei esker lortu ditugu. Bertsozale Elkarteak Euskal Herriko Unibertsitatearekin duen elkarlanari esker gauzatu ahal izan dugu datu bilketa, horretarako, taldean, Pedagogia fakultateko ikasle bat izan baitugu lankide.

Bertso-eskolengandik jasotako datu guztiak Xenpelar Dokumentazio Zentroaren datu-basean gorde dira. Informazioa konfidentzialtasunez zainduko dugu eta datu orokorrak ikerketarako baliatuko dira. Datu bilketa hau lau urtetik behin berritzen da, mugimenduaren bilakaera ezagutzeko.

Gure eskerrik beroenak partaide izan zareten guztioi!

 

Bertso-eskolen mapa

Herriz herri, bertso-eskola bakoitzaren berri jakiteko mapa hementxe dugu. Bertan, orain arte daturen bat jasotako bertso-eskola guztiak agertzen dira (egun martxan direnak zein desagertu direnak).