Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB | Bertsoikasgela Bertsozale Elkartea
Bertsoeskolak Bertsoeskolak

Gai-jartzailea / aurkezlea

 

Bertso saiorako gai-jartzailearen / aurkezlearen hautaketa

Oso garrantzitsuak dira gai-jartzailea(k) eta aurkezlea, euren lanak eragin handia baitu bertsolarien jardunean eta ekitaldiaren emaitzan. Antolatzailearen ardura da ekitaldiko gai-jartzailea(k) edota aurkezlea hautatzea.

Sortzaile bakarra izan daiteke ala bat baino gehiago, gaiak jartzeko aurrelana egingo duena eta, ostean, jendaurrean saioa aurkeztuko duena. Batzuetan gaiak taldean jartzen dira, eta kide batek hartzen du azken ukituak emateko, formulazioa idazteko eta saioa aurkezteko ardura.

Saioaren kalitatea bermatzeko, hara zenbait gomendio:

  • Saioaren aurkezleak emanaldia gidatzeko lidergoa hartu behar du, eta bertsolarien eta publikoaren arteko zubi lana egin: emanaldian zehar giroa eta saioaren tonua modulatzen, publikoa galdu ez dadin beharrezko azalpenak ematen, eta, bertsolariaren alboan jarrita, behar duen informazioa eta laguntza ematen. Saioa aurkezteak jendaurreko gaitasun handia eskatzen du. Tentuz hautatzekoa da saiorako aurkezlea.
  • Aurkezlea herrikoa edo ingurukoa izateak saioa bertara egokitzen asko laguntzen du; publikoari etxean sentitzen laguntzen dio. Alabaina, inguruan aurkezle lana egiteko inor gaiturik ez badago, egokia da oso emanaldirako gai-jartzaile/aurkezlea kontratatzea. Langintza horretan esperientzia duen jende ona dago.  
  • Gaiak taldean jartzen direnean, beharrezkoa izaten da kide batek azken erabakiak hartu eta gaien formulazioa lantzeko ardura hartzea.

 

Aurkezlearen kontratazioa

Sortzaileen baldintza egokiak bermatzea dagokio antolatzaileari. Artisten kontratazioan, Ogasunaren eta Lan Sailaren baldintza guztiak bete behar dira.

Lanku Kultur Zerbitzuak enpresak gai-jartzaile/aurkezleen kontratazio zerbitzuak eskaintzen ditu, sortzaileen baldintzak bermatzeko (sortzaile bakoitzarekin adostu den tarifa zainduz) eta administrazioarekiko betekizunak kudeatzeko (sortzaileen lan jarduna legezkoa izan dadin).

Antolatzaileak aurkezlearekin tratua zuzenean egin nahi duen kasuetarako oharra: kontratazioan Ogasunaren eta Lan Sailaren baldintza guztiak bete ez badira, gai-jartzaileak/aurkezleak ez du emandako ordain ekonomikoa justifikatzeko inolako agiririk sinatuko.

 

Aurkezleari eta bertsolariei harrera

Saioa hasi baino lehenago, komeni da talde antolatzaileko kide batek bertsolariei zein aurkezleari harrera egitea, saioaren nondik norakoak azaltzeko eta testuinguruan kokatzen laguntzeko. Era berean, saioa bukatuta, eskertzen da harrera egin duen antolatzaileak aurkezlea eta bertsolariak agurtzea.

Mikrofonotik eman beharreko oharrak aurkezleak emango ditu.