Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB | Bertsoikasgela Bertsozale Elkartea
Bertsoeskolak Bertsoeskolak

'14 heriotzena' sorta podcast bihurtu du Zuzeu-k

2020-01-31


Zuzeu agerkari digitalak 'Euskal Gaizkileak' podcast seriea ekoitzi du, BIEUSErekin elkarlanean. Bertso jarrien edo kantuen bidez iritsi zaizkigun hilketak narrazio bihurtu dituzte, aktoreen ahotsez. Zortzi ataletako bat da "14 heriotzena" sorta beltzari eskainia. Hemen entzungai!

 

'Euskal Gaizkileak' saioa Beñat Hach Embarekek zuzendu du eta Bikoiztaile Euskaldunen Elkartearen laguntzari esker gauzatu du zortzi ataletako podcast seriea.

 

14 heriotzena

Hiltzaileak, Joxe Larrañaga Juaristi mendarotarrak, 25 urterekin 14 hilketa egiteagatik kartzelan zegoela heriotza zigorraren zain (1826an), bertsolari bati enkarguz jarrarazitako sorta beltza da hau, bere ibilera odoltsuaren berri ematen duena.

Istorio horren berri ezagutzeko, Zuzeu-k sortutako podcasta hementxe dugu entzungai. Fikzio dosiez gain, podcastean entzungo dituzun datu eta informazio asko benetakoak dira, Modesto eta Bertol Arrieta aita-semeek egindako azterketa lanari esker. 

Kontakizunaren amaieran (36. minututik aurrera), bertso sorta musikatuta entzuteko aukera dugu, Andoni Tolosa "Morau"k egindako bertsioan. 

 

 

Bertso sorta osorik ezagutu nahi?

Bertsoeskola.eus atari honetan bertan, "Bertso jarriak" atalean dugu sorta honetako 20 bertsoak ezagutzeko aukera, hemen.  

Bertsoen iturria: "1808-1814 en la poesía popular vasca" (Jesus Maria Leizaola, 1965 Ekin).

 

Misterioak darrai... Nor ote zen bertsolaria?

Bertsotan aipatzen denaren arabera, Joxe Larrañaga bere testigantza ematen ari da, kartzelan, heriotza zigorraren zain dagoen artean, 25 urterekin garrotez hiltzera kondenaturik. Baina bertsopaperak ez dakar bertsolariaren izenik. Ez dakigu Joxe Larrañagaren balizko kontakizuna nork ekarri zuen bertsotara.

Sortaren jatorria ikertzen ari dira Modesto eta Bertol Arrieta aita-seme zarauztarrak. Jatorrizko bertsopaperaren kopia aurkitu dute, Euskaltzaindiaren liburutegian. Sorta 1826an inprimatu zen Tolosako (Gipuzkoa) "D. Juan Manuel la Lamaren Moldeteguian". Arrieta aita-semeen arabera, bertsopaper hori Louis Lucien Bonaparte printzeak jaso zuen eta Londresen zeukan liburutegi pertsonalean gordeta eduki zuen, bere alargunak Chicagoko Newberry Libraryri saldu zion arte (1900. urte inguruan). Gero, 1980. urte inguruan, Euskaltzaindiaren liburutegiak Bonapartek jasotako bertsopaperez osatutako mikrofilm bat erosi zuen, ikertzaileentzat eskuragarri egon zedin. Ikus, pasarte honen berri, Juan Luis Zabalak Berrian argitaratutako artikuluan (2014-08-08).

Sortaren egilea nor ote zen ikertzen ari dira eta, aukeren artean, Hernaniko Lazaro Joaquin Ayarragaray ote zen susmoak hartuta daude. Hainbat arrazoi dituzte, garai hartako bertsolarien artean Ayarragaray izan daitekeela pentsatzeko: bertsoak Beterriko hizkuntzan idatzita egotea, egilea eskolatua izatea, eta bertsoen kalitatea. Hernaniko Kronikak 2016-02-28an eman zuen arrasto honen berri.

Iturria: bertsoeskola.eus