2020-03-02
Bideoaren iturria: Hitzetik Hortzera, 2020-03-01.
Lapurdiko 3 bertsolari handi haien garai berekoa zen Hondarribiko Joxepa ere eta, dirudienez, Joxepa bera ere Lore Jokoetan lehiatutakoa zen.
Joxeparen berri, Bilintxen sorta honen bidez iritsi zaigu. Bertan, Bilintxek azaltzen du nola iritsi den bere belarrietara Joxeparen sona: “Hondarribi aldian aditzen genduen/ dama bertsolari bat nola bazeguen/ zeinak Euskalerrian parerik ez zuen”.
Fama hots haiek egia ote ziren jakin nahian, Donostiako dozena bat lagun Hondarribiara hurbildu zen, tartean Bilintx bera.
Antza denez Bilintxek bertsotan neurtu nahi zuen Joxeparekin, baina honek ez zion jokoa segi; gainera Joxepari ez omen zitzaion iruditu Bilintx bertsolaria zenik ere (edo hori da Bilintxen belarrietara iritsi zena). Eta festa jartze aldera, berekin probatu nahi bazuen, egun batean Errenteriara etorriko zela hitzeman omen zion Joxepak.
Bilintxek sorta honetan jaso zuen Hondarribian izandako gertaera hura, argi utziz Joxeparen zain egongo zela, elkarrekin bertsotan neurtu eta “gero juzga dezagun ezaguera hobez/ ia bertsolaria al naizen edo ez”.
Ez dakigu Joxepak zertzuk esan ote zituen, Bilintxen sorta eskutan hartzean.
Eta ezta inoiz elkar neurtzera iritsi ote ziren ere.
Baina donostiarraren sorta erantzun gabe uztekoa ez zenez, Maialen Lujanbiok jarri zituen bertso hauek, Hondarribiko Joxeparen ahotik. "Bertsolaritzaren sekretuak" emankizunean jendaurreratu ziren.
Iturria: www.bertsoeskola.eus