1946an, Teodoro Hernandorenak Ipar Euskal Herriko bertsolari lehiaketak berrabiarazi zituen. Urtez urte, Etxahun-Iruri, Mattin, Basarri eta Xalbador txapeldun aterako dira. 1958an Pariseko Euskal Etxeko pilotalekuan jokatu zen finala mugarria izan zen, lortu zuen oihartzun mediatikoagatik. Entzungai Basarri, Uztapide, Xalbador eta Mattinek finalean puntutan egin zituzten bi bertsoaldiak.
Ikus dezagun Mattin, 3 minutuko elkarrizketan bertsotan berak nola egiten duen azaltzen. Bere zirto bat ere kontatuko digu! Baita Lazkao Txikiren ateraldia ere...
"Francesco Pasqualeren Bosgarren arima" liburuan oinarritutako bertso saio literarioan izan zen bertsoaldi hau. Francesco, Unai Elorriagaren arbasoa zen (amamaren aitite), Italiatik Euskal Herrira etorri zena. Bertsoaldi honetan Maialen izango da Francesco; Amets bere lehen emaztea, Juana Josefa, zendu zena eta ametsetan agertzen zaiona Maialeni. Eta Unai, bigarren emaztea, Isabel. Lehen emaztea hil eta lau hilabetera ezkondu zen Francesco, bigarren emazteaz.
80 urteko bi pertsona dira Jone eta Maddi Ane. Gaztetan ezin zuten elkar ikusi; gaur, zahar-etxean bizi da Jone. Bere gelakide berria izango dena sartu da oraintxe, atetik: Maddi Ane. Puntu laburretan, Jonek benetan zer pentsatzen duen barrutik esango du Maialenek. Eta Maddi Anek barrurako zer ixiltzen duen esango du Mantxik.
Etxe berean bizi zareten famili bereko kideak zarete. Beti borrokan bizi zarete. Onintza nahiko ahula zara, maitasun gutxi dizu jendeak. Andoni, zu fuertea zara, etxean ere nagusitu egiten zara, liderra zara. Eta zu, Maddi Ane, ez dakizu zer zaren. Onintza ETB1, Andoni ETB2 eta Maddi Ane ETB3.
Maialen lo gelditu da espazio-ontzian. Aitorren ardura zen, ilargiaren bestaldera iristean, laguna esnatzea. Baina ez du esnatu. Eta bueltan dira, Maialenek ilargiaren bestaldea ikusi gabe.
"Esneberriketan" liburua plazaratu du Uxuek. Hitz egitea, kontatzea, hizketa xume hori... egunerokoan nola bizi du Uxuek? Txaloen etenik gabe osatu zuen bertsoaldia, 8ko txikiak kateatuz.
Kuadrillakoak dira. Hairak beti lortu izan du nahi zuena, askorik saiatu gabe. Horrek beti amorrua eman dio Ekhiñeri, taldean Hairarekin ez kointziditu nahi izateraino.
Juliok, urtetan bikotea izan duenari ezkontzeko eskatuko dio gaur: Ekhiñeri. Haira da Juliok erositako urrezko eraztuna. Aitor, kalean pasa dena eta zer-gerta ikusmiran gelditu dena.
Donibaneko inauteriak dira eta urtero mozorro onenarentzat saria izaten da. Maialenek irabazteko desioa du eta semaforoz janztea erabaki du. Parrandan dabilela, bere parean derrapatu egin du Sustraik: Formula 1eko kotxe gorri dizdiratsuz mozorrotuta doa.
Maialenek urteak daramatza herriko inauterien antolaketan. Hasi zenean, nahiko bakarrik sentizen zen baina egun badago erreleboa. Ahots batek uzteko esaten dio, beste ahotsak jarraitzeko.
2003an Zegamako mendi maratoia egin zuen Andonik. Joxe Luis Uribetxeberria "Txantxangorri" artzaiak lagundu zion; azaroan Urbian desagertu eta hilda topatu zuten artzaiak.
Atzeko bertsolariek, urte berrirako asmo berriak zituzten. Kontua da honez gero urtarrilak 11 dela eta ez direla asmoa gauzatzen hasi, edo lanak dituztela gauzatzeko. Atzekoek Ametsi azalduko dizkiete euren zailtasunak eta Ametsek esango die zer-nola egin, asmoa gauzatzeko.
Egiazko krimenak narratzen dituen generoa da "True crime" delakoa, eta modan dago. Aginek bolada txarra zeraman, burumakur. Baina "True crime"-etara zaletu denetik, gogoa piztu zaio. Aitor kezkatuta dago lagunaz...
Roger Idiarten kopla hauek, Etxahun Iruri bertsolariari eskainitako pastoralean eman ziren, Jean
Etxartek sortutako aireaz; CDan ere argitaratu zen (2001 Agorila).
1986ko Txapelketa Nagusian gai hauxe jarri zioten Lopategiri: “Zahartutako zeure arropak
zaborretara bota dituzu; eta hara non ikusten duzun beste gizon bat zuk botatako arropak jasotzen”.
Jon Lopategik 1989an jantzi zuen Euskal Herriko txapela. 1984tik aurrera bertsolaritza irakasle
lanean aritu zen. Ikastolen Elkarteaz, Bizkaian haur eta gazteak zaletzen eta bertsolariak trebatzen
egin zuen lana bideurratzailea izan zen.
Hiru bertso hauekin Kupela taldeak trikiti pieza kaleratu zuen “Gailurrak ikutuz” diskoan (2012 Elkar).
“Izarren hautsa” poema Xabier Letek argitaratu zuen “Bigarren poema liburua”n, 1974an.
1975ean Mikel Laboak kantu bihurtu zuen Leteren poema, “Ikimilikiliklik” ikuskizunean jendaurreratuz
(1975- 1978).
Ostean, Xabier Letek bere poemaz kantu berria egin eta “Kantatzera noazu” diskoan jaso zuen
(1976 Artezi).
1980an Mikel Laboak bere bertsioa “Lau / Bost” diskoan grabatu zuen (1980 Xoxoa).
Bertsotan Laboaren doinua baliatzen da, hamar puntuko bertsora egokituta, 3 errimekin.
Tibeteko hartza baten begiradatik idatzitako sorta, Himalaiako mendi-gailurrak konkistatzeko
gizakien jarreraz edo “himalaismoaz”.
Kantua “Fauna txiki bat bertso berritan” diskoan atera zuten Jon eta Aitor Sarasua anaiek
(1995 Elkar).
Xalbadorren semea, Mixel, Amerikara joana zen artzai; semeak gutuna idatzi zuen etxera,
puska batean ez zela itzuliko esanaz. Xalbador aitak, penaturik, sorta honekin erantzun zion.
Xalbador aita bezala, Mixel (Xalbador II) ere bertsolaria izan zen.
Kantu hau ezagun egin da “Aire ahizpak” abeslarien ahotsean (Mixel zenaren alabak dira).
Horra etxeko hiru belaunaldi lotzen dituen sorta:
Fernando Aire Xalbador, Mixel Aire Xalbador II eta “Aire ahizpak”.
Xabier Letek azken kontzertua 1999an eman zuen eta han plazaratu eta grabatu zuen kantu hau,
bere emazteari eskainiz. Lourdes Iriondo izan zuen bizitzan bidelagun, gaztetan abeslaria eta Ez Dok
Amairu kultur mugimenduko kide izana, garaiko abeslari gazteekin batera (Xabier Lete, Mikel Laboa,
Benito Lertxundi…).
1864an inauguratu zen Donostian Norteko Trenbidea. Aurrerapen handia izan zen baina, hasiera
hartan ur lurrunezko lokomotora izaki, bere arazoak ere bazituen: “ikatz-jale” ikaragarria zen,
nekez igotzen zituen aldapak eta botatzen zuen ke beltza bagoietan sartzen zen.
Horregatik, trenbidean argindarra sartzeak benetako iraultza ekarri zuen. 1929an gertatu zen.
1931ko sorta honetan Txirritak asmatu zuen azaltzen, zer aldaketa ekarri zuen trenak eta
zer alde dagoen makina ur lurrunak mugitu edo argindarrak mugitu.
Sehaska kanta honetan ama entzuten dugu, haurra loharrazten: bere aingerua. Kanpoan gau giro
beldurgarria egiten du eta aita itsasoan da. Ama izututa dago, aita ez ote den itzuliko.
Kantua ezagun egin da Maddi Oihenarten ahotsean, hainbat diskotan; hemen entzungai Céline Oihenart eta biek eginiko bertsioa, a capella.
Kantu honetan Iparragirrek azaltzen du nola dabilen munduan barna, artista bizimoduan, gitarraz kantari. “Gernikako Arbola” euskal ereserkia Iparragirrek egina da, 1853an; badu “Gitarra zahartxo bat det” doinuaren traza.
“Fauna txiki bat bertso berritan” diskoa (1995 Elkar) atera zuten Jon eta Aitor Sarasua anaiek,
bertso musikatuekin. Gizabere espezie bakoitza animalia batekin konparatzen zuten kantuetan.
Sorta hau nekazariari eskainia da: lurra maite duen azkonar jende horri.
Uztapidek aitaz zuen oroitzapena, nekazari langile gogorrarena zen; larre motzean haziak ziren etxean!
Sortan, adi bertsoen lehen puntuei: badirudi Uztapide bere buruarekin puntutan ari dela…
Hala egin ote zuen sorta? Aldiro, bere buruari, lehen puntua jarriz?
“Habanera” abestia 1991n plazaratu zuen Xabier Letek, “Eskeintza” diskoan (Elkar).
Kubako musika genero bat da habanera (hortik du hiriburuaren izena). Letek kantu honekin Kubara
garamatza, doinuz bezala hitzez ere, nostalgiaz.
Bere garaiko neska gazteen jazkerak eta jarrerak azaltzen ditu Aña Etxegaraik, umorezko sorta honetan.
Etxegaraik bazekien zerbait janzkera kontuez: bertsotan ere espartin (edo abarketa) fabrikan ikasi
zuen, fabrikan lagun egin zuen Mariana Hargain Kanboko bertsolariarekin. Biek ala biek, Lore Jokoak
irabazi zituzten gizonekin bat-batean lehiatuta eta plazan kantukide izan ziren. Plazan bertsotan
aritzeko janzten zirenean, Añak eta Marianak oso presente izaten zuten apaiza ere entzuleen artean
egoten zela begira; janzkera zaintzen zuten, emakume desegokitzat jo ez zitzaten
(1890ean Marie Abbadiak eginiko elkarrizketan jasota dagoenez).
Urepeleko artzaina zen Xalbador. Bere bizimoduari eta ardiei zien maitasuna azaltzen du sorta eder
honetan. Hitzok abesteko nor egokiagorik, Erramun Martikorena artzaina baino?
Elizanburuk etxeari jarri zizkion bertso unkigarri hauek; bizitzan sorlekutik kanpo urteak eman
zituenak, hain juxtu. Apaiz ikasketak utzita, Frantziako armadan sartu eta kapitaina izan zen.
1871n, Napoleon menderatua izan zenean, itzuli zen Sarara.
Eskale zahar baten nahigabea, gaztetan odol beroz gerrara joan izanagatik; itsu eta eri itzuli zen
gerratik. Pello Mari Otaño gaztea zela II. Karlistaldia piztu zen eta 18 urterekin Argentinara joatea
erabaki zuen, seguru asko gerratik ihesi.
Sorta hau 1893an argitaratu zuen, Euskal Erria aldizkarian. 1897an Donibane Lohizuneko (Lapurdiko)
hitz neurtuen sariketara aurkeztu zuen eta bigarren saria jaso zuen (50 libera).
Telebistako izar bihurtuta, herritik alde egin duen pertsonaia famatuari jarritako sorta.
Pantailan objektu desiragarri gisa tratatzen dute; euskara baino erdara erakargarriagoa zaio izarrari.
Kantua Anje Duhalderen ahotsean egin zen ezagun, “Anje Duhalde Xabier Amurizaren kantari” CDaz
(1990 IZ).
Bi herritarren arteko eztabaida azaltzen du sortak. Bata frantsesez mintzo da, Euskal Herri
aske baten alde. Bestea euskaraz mintzo da eta frantses herritarra sentitzen da. Bi lagun horien
kontraesanak bistaratzen ditu Xalbadorrek, beretzat herria eta hizkuntza bat direnez.
Kantua ezagun egin zen Mikel Laboaren ahotsean; “Lau Bost” diskoan kaleratu zuen lehen aldiz
(1980 Xoxoa).
Karta bakoitzaren atzeko aldean, puntua jarriko zaigu, bertsolari baten pistak ematen. Guk puntuari erantzungo diogu kopla osatuz, eta zein bertsolari den erantzungo dugu: adi, bere abizenak errimatu egiten du eta! Asmatzen badugu, karta guretzat: ea nork lortzen dituen gehien!
Lukas Urepeleko herritar bat zen, Amerikara gazterik joana. Azken aldera bixita batzuk egin zituen
Urepelera eta bertsozale beroa zen: Mattin ere ekarrarazi izan zuen Urepelera, Xalbadorrekin kanta
zezan.
Behin, egonaldi baten ostean, Lukasek Amerikatik dirua igorri zion erretoreari, apaiz etxean bazkaria
egin zezaten lau lagunek (tartean zen Xalbador); bazkaldu soilik ez, afaldu arte ez ziren atera
apaizarenetik! Lukasi eskerrak bidaltzeko, bertsoak jar zitzala eskatu zioten lagunek Xalbadorri.
Herritik alde egin beharrean suertatu den etorkinaren ahotik jarrita koplak dira.
Kantua Karidadeko Bentak plazaratu zuen “San Quirico” CDan (2006 Gaztelupeko Hotsak).
Emakume baten samina, senarra Espainian preso dagoelako.
Joxe Austin Arrieta idazleak kopla zaharren estiloa eman zion sortari, naturako irudiak baliatuz.
Doinua Anton Latxak sortuta, Oskorri taldeak plazaratu zuen kantua.
Amerikan aberastutako gizon bati Oiartzungo Galtzareta baserriko neska gaztea gustatzen zitzaion.
Garai hartako moldetan, emakumearekin berarekin hitz egin aurretik, lehenik gurasoekin egin zuen
“esposatzeko” tratua. Joan da gero emakumearengana; berekin ezkondu nahi zuela, hitzez esaten
ausartzen ez, eta bertsotan azaldu zion.
1936ko Bertso Guduaren finalean, gai-jartzaile aritu zen aurreko edizioko irabazlea: Basarri.
Gaiak bertsotan ematen zizkien lehian ari ziren 9 bertsolariei.
Bertso batekin gai hauxe jarri zien denei, txandan-txandan, abestu zezaten: gerra.
Ilarako azken bertsolariek ez zuten lan erraza, ideia berriekin entzuleak harritzea.
Baina Txirritak asmatu zuen, kantatzen seigarrena izanagatik, inork eman gabeko arrazoiak ematen,
umorez.
1936ko Bertso Gudua Txirritak irabazi zuen. Urte hartantxe hilko zen.
Gerrak harrapatu aurretik joan zen Txirrita.
“Neguaz primadera” doinuaren jatorrizko sortan, apexa (edo tximeleta) eta lorearen arteko maitasun
istorioa ezagutu genuen. Sorta honetan, aldiz, lore beldurtuak aurre egingo dio bere zapaltzaileari,
Txorimaloburuari. Aurre egitera ausartzeko, loreak amorru handia sentitu behar izan du;
zapaltzen gaituztenean, amorrua sentitzea ezinbestekoa zaigu, besteei mugak jartzeko.
Mikel Laboak 1985ean grabatu zuen kantua, berak sotutako doinuaz. Hitzak Joseba Sarrionandia
idazlearenak dira; kopla zaharren estilora, naturako irudiak baliatuz, maitasunaz ari da.
Goizean, ohetik jaiki berritan, komunean eseri gara lasai.
Baina atea kas-kas jo digute, azkar amaitzeko esanaz…
Eman ditzagun gure erantzunak, zirtoka!
Horretarako, aldiro txarteletako hitzak berrantolatu beharko ditugu, gure erantzunak errimatu dezan.
Zirtoak osatu ditugunean, abestu ere egin genitzake: esaldiek kopla txikiko neurria dute-eta!
Bukatzeko, zortziko txikian ere abestu genitzake: erabaki dezagun, horretarako, lau esaldiak (edo "puntuak") zein ordenatan antolatu...
1864an, Anton Abadiak Saran antolatutako sariketan, bigarren saria jaso zuen sorta honek.
«A. Salaberry» sinatu zuen autoreak; ikerlari batzuen hipotesia da Elizanburu izango zela.
Solferino, Italiako herri bat da. 1859an gudua izan zen bertan; Italiaren bateratze prozesuan zeuden eta, Solferinon, frantziar eta sardiniar armadak austriarren armadari gailendu zitzaizkien.
Gudu hartan itsututako soldadu baten istorioa kontatzen du sortak, lehen pertsonan.
Elizanburu bera ere, apaiz ikasketak utzita, Frantziako armadan sartu eta kapitain izan zen.
1871an, Napoleon menderatua izan zenean, itzuli zen Sarara.
Donostiako Loiola auzoan, erromerian, Bilintxek neska batekin izandako elkarrizketa islatzen du.
Sorta honek doinu aldaera asko ditu; horietan bi ezagunenak entzungai ditugu bertan.
Bilintxek, loreek udan ihintza maite duten bezala, maite du neska gazte bat. Neskaren dohainak munduko gauza eder guztiekin konparatuko ditu bertso sortan zehar eta ezkontzeko eskatuko dio.
Erreguka amaituko du azken bertsoa: “izazu nitaz kupira!”.
Sorta honek doinu aldaera asko ditu; plazan erabiltzen diren bi aldaerak ditugu hemen entzungai, Benito Lertxundi eta Kepa Junkeraren eskutik bata, Kalakan taldearen eskutik bestea.
Bertsoek azaltzen dutenez, errota zaharrak alea xehetzean negar egiten duen bezalaxe, triste dago bertsolaria ere, bihotz minez, ezinezko maitasunagatik.
Doinua Xabier Letek sortu zuen eta kantua ezagun egin zen Xabier Letek eta Lourdes Iriondok abestuta.
Apexa (edo tximeleta) eta lorearen arteko maitasuna agertzen du.
Goizero, eguzki argitan, tximeleta hegan joaten da lorez lore eta iluntzean, eguzkia sartzean, itzuli egiten da hain maitea duen lorearengana.
Loreak ere nahi luke apexarekin hegan joan baina lurrari lotuta dago.
Behin, ordea, haize kolpeak jo zuen, gaizto…
Apexa eta lorea elkarri hizketan entzungo ditugu, hika.
Bertso sorta hau 1862ko Lore Jokoetan aurkeztu zuen Elizanburuk.
Luzia Goñi Aizarotzen jaio zen (Basaburua bailaran, Nafarroan) baina, umea zela, bere jaioterria
husten ikusi zuen, aberatsek herriko lur denak erosita. 1970ean eskaini zion sorta hau bere jaioterriari
eta “Principe de Viana” aldizkarian argitaratu zen.
Esaldiak nahas-mahasean jarriko ditugu mahai gainean. Bi esaldi lotuz, esaera zaharrak osatuko ditugu: adi errimari eta zentzuari!
Esaerak osatutakoan, mezua ulertzeari tartea emango diogu: zer da esaera zahar horrek esan nahi duena?
Pentsa dezagun esaera zahar horri ondo doakion egoera bat!
Maddi Sarasuaren kopla sorta, nahas-mahasean emango zaigu. Txartel bakoitzean, puntu bat emango zaigu. Guk bi puntu lotuz, koplak osatu beharko ditugu. Puntuak xuxen lotzeko, adi errimari eta esaldien zentzuari!
Estitxu Arozenaren kopla sorta, nahas-mahasean emango zaigu. Txartel bakoitzean, puntu bat emango zaigu. Guk bi puntu lotuz, koplak osatu beharko ditugu. Puntuak xuxen lotzeko, adi errimari eta esaldien zentzuari!
Maddalen Arzallusen kopla sorta, nahas-mahasean emango zaigu. Txartel bakoitzean, puntu bat emango zaigu. Guk bi puntu lotuz, koplak osatu beharko ditugu. Puntuak xuxen lotzeko, adi errimari eta esaldien zentzuari!
Kopla txikian, aldiro irakasleak puntu bat abestuko digu.
Guk puntu horren erantzuna osatu behar dugu; horretarako, txarteletan ditugun hitzak nola antolatu erabaki beharko dugu.
Adi: zein hitz jarriko dugu esaldi amaieran, errimatu dezan?
Etxe bat irudikatuko dugu denon artean; zazpi txoko ditu. Egokitu zaigun gelan, zer egin ohi dugun azalduko dugu, koplatan. Abesterakoan, gure etxe zatia itsatsiko dugu arbelean, zati guztiekin etxea osatuz. Kopla sortzeko, lehen puntua eta oina emango zaigu.
Marrazki hau ikasle taldetxo batek izango du; gainerakoek ez dute ikusiko, jolas amaierara arte.
Taldetxo horrek marrazkia deskribatu beharko du, kopla txikitan. Koplak sortzeko oin bikoteak emango dizkiegu (ikus hurrengo orrian). Beste taldetxoak, koplak entzun ahala, marraztu egingo du deskribatu zaiona. Amaieran, konparatu egingo ditugu ikasleek marraztu dutena eta deskribatzeko egina dagoen marrazki eredua.
Marrazki hau ikasle taldetxo batek izango du; gainerakoek ez dute ikusiko, jolas amaierara arte.
Taldetxo horrek marrazkia deskribatu beharko du, kopla txikitan. Koplak sortzeko oin bikoteak emango dizkiegu (ikus hurrengo orrian). Beste taldetxoak, koplak entzun ahala, marraztu egingo du deskribatu zaiona. Amaieran, konparatu egingo ditugu ikasleek marraztu dutena eta deskribatzeko egina dagoen marrazki eredua.
Marrazki hau ez dugu erakutsiko, jolas amaierara arte.
Kide batek (irakaslea izan daiteke), marrazki hau deskribatuko du, kopletan (ikus kopla sorta, hurrengo orrian); gainerako partaideek, koplak entzun ahala, deskribatzen dena marraztu behar dute.
Amaieran, nork bere marrazkia erakutsiko du: ea nor hurbildu den gehien irudi honetara!
Audioan entzungai Lasartek eta Uztapidek Zaldibian 1969an egindako bertsoaldia. Uztapide izango da "Urtain" (gerora, Europako txapeldun izango zena birritan). Eta Lasarte izango da Pauli Kraus "Bomber". Bi boxeolariek Bartzelonan dute konbatea, datorren astean bertan; entzun ditzagun elkarri desafioka.
*Iturria: "Uztapide bat-batean" antologia (2009 Auspoa).
Eresia edo hileta-kanta honen hitzak XV. mendekoak dira; eresian Miliaren ahizpak (izenik ez da ezagutzen) eta koinatak (Santxa Ortizek) hartzen dute hitza. Hiletetan eresiak emakumeek abesten zituzten. Hemen entzungai Habia Taldearen bertsioa.
A-tik Z-ra, hitz ezkutua zein den igarri beharko dugu; hitz ezkutua KIROL bat da, edota kirolari lotutako hitz bat. Kopla doinuan puntua jarriko zaigu, hitzari buruzko pista emanez. Puntua erantzun beharko dugu, hitz ezkutua asmatuz; erantzun zuzenak errimatu egiten du!
Jolasa paperean egin genezake (PDFa deskargatuz) edo pantailaz.
Andoni Egaña aitona xahar aberatsa da eta bere herentzia nori utzi erabaki behar du: alabari (Maialen Lujanbiori) edo-ta semeari (Sebastian Lizasori). Horretarako elkarrizketan ariko da bakoitzarekin, galdera-erantzunetan.
40 urteko aldea dute Xabat Illarregik (2001) eta Andoni Egañak (1961). Bakoitzaren egunerokoaz, kezkez, bizitzeko moduez jardungo dute, galdera-erantzunetan.
Txaber eta Onintza lagunak dira. Bidaiatzea gustuko dute eta beti joan izan dira urruneko herrialdeetara. Euskal Herria ezagutzen ez dutela-eta, aurten alderik alde zeharkatzeko plana egin dute. Bidaiaren erdi-aldera harrituta daude, ze ezezaguna zaien etxekoa.
"Galdu eta irabazi" sortan baliatutako oinak idatziko ditugu arbelean: bertso bakoitzeko 4 oinak idaztean, saiatuko gara oin zerrenda hori luzatzen, ahal beste. Behin zerrendak osatuta, puntutan egingo dugu: kirol lehiaz ariko gara gu ere, "Urxo xuri pollit" bat doinuaz.
Ipuin kontalaria da Alaia eta publikoan eserita dagoen haurra da Jexux Mari. Hasi da Alaia ipuina kontatzen eta, minutuero, komentarioak eta galderak egiten dizkio Jexux Marik: "Eta hori zergatik?", "Baina katagorriek ez dute hitz egiten...".
Kopla sorta osatuko dugu. Kopla bakoitzean, bigarren puntu egokia zein den asmatu beharko dugu; aldiro hiru aukera emango zaizkigu, eta horietan neurriz egoki datorrena azpimarratuko dugu. Kontuz hankaluzerik/hankamotzik egin gabe! Fitxa gelaratzeko, bi formatu ditugu aukeran: orrialde bakarrean kopla sorta osoa izatea bistan, edo orrialde bakoitzean kopla bat osatzea (formatu handian gelaratzeko).
Aldiro, talde osoak kide bati botako diogu kopla: lagun hori zertan den ona esanaz.
Kopla denak entzuten dituenean, bere erantzuna botako digu.
Ondoren, taldeko beste kide bati botako diogu denok kopla.
Horrela, txandan txandan, kide denok guri buruzko koplak entzun eta gure erantzuna bota arte.
Horretarako, aukeran emango zaizkigu oin bikoteak.
Gutako bat irakaslea izango da eta, atzeko bertsolariak, bere ikasleak izango dira. Irakasleak gelako ordezkaria hautatu behar du, atzeko ikasleen artean. Ikasle bakoitzak bere izaera berezia du (atzeko bertsolari bakoitzari bere rola zehaztuko zaio): ikasle lotsatia, despistatua, pailazoa, ikastuna, guaia, sasijakintsua. Irakasleak atzeko ikasle bakoitzari kopla botako dio, ordezkari hautatuko duen ala ez esanez; horretarako 2 oinak izango ditu eskura. Gero, atzeko ikasle bakoitzak bere erantzuna botako du, kopla sortzeko bere 2 oinak papertxoan idatziz.
Atzekoei kantatzeko ariketa egingo dugu, bat-batean. Horretarako gaia emango zaigu eta atzeko bakoitzari kopla bana botatzeko 2 oinak ere emango zaizkigu. Gero, atzekoek erantzun egin beharko dute beste kopla banarekin; atzekoek, nahi badute, euren erantzuneko kopla sortzeko, erabiliko dituzten 2 oinak papertxo batean idatzi ditzakete.
Ofizioka aritzeko gaia emango zaigu, bakoitzari pertsonaia edo rol bat zehaztuz (A eta B). Pertsonaia bakoitzak 2 oinen zerrenda izango dugu eskura, kopletan sortu dezagun elkarrizketa.
8ko txikian puntutan ariko gara, progresioan. Lehenik, puntu erdiak osatzen (6ak emanda). Ondoren, lehen puntua emana izango dugu eta puntutan jarrai dezagun 3 oinak izango ditugu begibistan.
8ko txikian puntutan egingo dugu, ikasle bakoitzak puntu bat abestuz. Puntu erdiak sortzen ariko gara: bigarren puntu lerroak eginda emango zaizkigu (6ak) eta guk lehen puntu lerroak sortuko ditugu (7ak).
8ko txikian puntutan egingo dugu, ikasle bakoitzak puntu bat abestuz. Puntu erdiak sortzen ariko gara: bigarren puntu lerroak eginda emango zaizkigu (6ak) eta guk lehen puntu lerroak sortuko ditugu (7ak).
Karta jokoaz ariko gara. Mahai gainean fruten marrazkiak dituzten kartak jarriko ditugu, bistan. Gainerako kartetan, aldiro puntua jarriko zaigu, fruta baten pista emanaz; guk, zein fruta den topatu beharko dugu irudien artean. Adi! Erantzun zuzenak (fruta izenak) errimatu egiten du-eta! Karta eskuratzeko, puntua erantzun beharko dugu (fruta izena oin gisa erabiliz).
Karta jokoaz ariko gara. Kartan egokitu zaigun pertsonaiari buruzko pistak emango ditugu, koplatan, puntuari erantzunez. Ea gure saioaren amaieran, entzuleek asmatzen duten zein pertsonaia den! Kopla doinuan, aldiro puntua jarriko zaigu, gure pertsonaiari buruzko galderak eginez; guk erantzun egin beharko diogu galderari, pistak emanez. Gure erantzuna sortzeko, oina ere emango zaigu.