Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB | Bertsoikasgela Bertsozale Elkartea
Bertsoeskolak Bertsoeskolak

Txakurrak hankutsik

2019-07-30

2010eko Basarri Bertsopaper Lehiaketako bigarren saria jaso zuen sorta.
PDF
1.
Asteleheneko resaka:
korrika eta presaka,
iratzargailua saka.
Goizeko seiak, hasia nago
zaunkaka gaizki esaka:
“Kaka! Ta bi aldiz kaka!”
Etxetik irten ta, kanka!
Berriro sartu det hanka.

2.
Lau hankakoen kasoa,
goizeroko arazoa,
bertso sail batek jasoa.
Sudurrak behar ditugu libre
eta zorroztua soa:
kendu begiko lausoa,
kontu non eman pausoa...
minatu dute auzoa.

3.
Hustu ezkero barrenak,
daramala dakarrenak,
emeenak nahiz harrenak;
multa, eskari, amenazuak...
bat, bi, hiru… hamarrenak;
alperrik dira arrenak!
Nonahi daude aztarrenak;
hanka bikoak txarrenak!

4.
Hitz txarrik zeinek ixuri?
Pintto, Lagun, Laika, Txuri...
handi, txiki, argal, guri...
Txakurren menpe bizi beharra
egokitu zaigu guri.
Zazpi, sei, bost, lau, hiru, bi;
zenbat mutur ta irudi!
Zoologikoa dirudi!

5.
Arkakuso ta barkazta,
nahiz etxean sartu, zasta!
Begiak itxi ta basta.
Eske txakurrak ligatzeko ere
ba omen du arrakasta:
- Ze pedigria, ze kasta!
- Ze fin egiten dun hazka!
- Zure begi berak dauzka.

6.
Beste moda bat doi-doia:
indarraren arrazoia;
handienaren galoia.
Borrokarako zakurren grinak
ere orain jo du goia:
Rodwailerraren sasoia;
Pitt Bullaren armazoia...
tigrea eta lehoia.

7.
Lehoi, tigre, basakatu...
herriak piztiz kargatu;
baietz hamar azkar batu.
Kontra egitera behartuz gero,
hobe da ondo armatu!
Nahiko bazenu ausartu,
bakea jartzera sartu:
protesi bat enkargatu.

8.
Trabak luze-laburrean
azaltzen dira aurrean,
nola mendiak Tourrean.
Opariren bat nahi ez duenak
hankape, hankezurrean:
hartu makila urrean,
jarri pintza sudurrean,
ta begirada lurrean.

9.
Garai bateko beldurra:
ostikoa ta egurra,
txakur gaiztoek segurra.
Gaur berriz ondo orraztu eta
azkazalak limaz urra;
nahiz mantaz estali lurra,
nahiz kremaz busti muturra,
zakurra beti zakurra.

10.
Eten gabeko katean,
multak etxeko atean,
nituzke instant batean.
Nire beharrak eginez gero,
paseatzera joatean...
Utzi nazaten bakean
espaloi eta parkean,
jarriko naiz lau hankean.