Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB | Bertsoikasgela Bertsozale Elkartea
Bertsoeskolak Bertsoeskolak

Galerianoaren kantua

2019-10-22

Martin Larralde "Bordaxuri"k jarritako sorta, 1815ean, Paueko presondegian, bizi guztirako galeretara kondenatu zutenean. Aitak salatu zuen, nonbait, hilketa bat egotziz semeari; aita-semeak baserriaren erentziagatik liskarretan zebiltzan. Gertakari ilun horien bere testigantza utzi zuen Larraldek sorta honetan. Pantxoa eta Peiok abestua (1969). Bideoaren iturria: Elkar.
1.
Kantatzera niatzu
alegera gabe,
ez baitut probetxurik
trixtaturik ere;
nehun deusik ebatsi,
gizonik hil gabe,
sekulakotz galerak
enetako dire...

2.
Mila zortzi ehun ta
hamabortzgarena
ni Hazparnen preso
hartu nindutena
(*)Plumagaineko premu
orok dakitena
galeretan higatu
beharko naizena...

(*)= Plumagaine baserriko oinordekoa.

3.
Ala, zorigaitzeko
premu izaitea!
Horrek eman baiteraut
betikotz kaltea;
aitari galdeginik
sortzeko partea,
galeretan eman nau,
hauxe duk dotea!

4.
Ene aita da gizon
kontsideratua,
semea galeretan
du segurtatua;
non-nahi otoitzean,
belaunikatua,
saindu iduri debru
madarikatua!

5.
Ene lehenkusia,
Kadet Bordaxuri
fagore bat banuke
galdatzeko zuri:
ongi adreza zaite
ene arrebari
ene saltzeko zonbat
ukan duen sari?

6.
Aita aitzinean ta
arreba ondoko
osaba burjes hori
diru fornitzeko
ez, ordean, enetako
bost sei liberako
galeretan bederen
leher egiteko!

7.
Elizan sartzen dire
debozionerekin;
iduriz badoazila
saindu guziekin;
beren liburu eta
arrosarioekin,
deabruak pesta onik
eginen du heiekin!

8.
Zortzigarren bertsua
anaiarendako:
Kontseilu bat banikek
hiri emaiteko!
Untsa goberna hadi,
etzauk dolutuko,
Ni baitan etsenplua
errex duk hartzeko!

9.
Zuri mintzo nitzaizu,
oi, aita zilarra!
Ardura dudalarik
begian nigarra;
Zure eta ene arraza
Bordaxuritarra,
Galeretan naizeno
ni bainiz bakarra.

10.
Kantu hauk eman ditut
Paubeko hirian,
burdinez kargaturik,
oi! presondegian;
bai eta kopiatu
denbora berian,
orok kanta ditzaten
Hazparne herrian.

11.
Hok eman izan ditut
ez xangrinatzeko;
ahaide-adixkidek
kuraia hartzeko,
eta partikulazki,
aita zuretako,
kantu hok aditzean
semeaz oroitzeko.

Martin Larralde "Bordaxuri"-ren zorigaiztoko bizitza

Galerianoaren kantua Martin Larraldek utzitako azken testigantza da, Paueko presondegian sartu zutenean, bizi guztirako galeretara kondenatu zutela jakitun. Bere egia bertsotan jarri nahi izan zuen, azken bertsoan aitortzen duenez, helburu batekin: partikularzki, aita zuretzako / kantu hok aditzean semeaz oroitzeko.

Izan ere aitak berak salatu zuen Martin Larralde: baserriaren oinordetzagatik liskarretan zebiltzan, eta euren lur sailean gertatu zen hilketa misteriotsu baten errua semeari bota zion aitak. Nonbait, aitak euren baserriko lur sailak mozteko baimena eman zion herriko gizon bati, eta hau belarretan ari zela tiroz hil zuen norbaitek... Aitak berak, akaso?

Pauen epaitu zuten Martin. Epaiketan hainbat lekuko izan ziren, denak euskaldunak, frantsesez tutik ere ez zekitenak, eta zuberotar batek itzultzaile lanak egin behar izan zituen, baita frantsesezko agiri guztiak idatzi ere. Epaileek galeretara kondenatu zuten bizitza osorako; zazpi epaile agertu ziren deliberoaren alde eta bost aurka.

1816an, 35 urte zituela eraman zuten Rochefort hiriko galeretara. Lan behartu horietan ari izan zen, 1821ean, 40 urterekin, Rocheforteko itsasgizonen eritegian hil zen arte.

Ikus bere bizitzaren berri Joseba Aurkenerenak kazeta.eus atarian idatzitako artikuluan, hemen.

 

Martin Larralderen bizitzan oinarrituta, Zuzeu atariak egindako podcast-a: Itsaso zikin bat

Euskal Gaizkileak podcast seriea ekoiztu du Zuzeu-k, Beñat Hach Embarekek zuzenduta, Bikoiztaile Euskaldunen Elkartearekin elkarlanean. Kapitulu bakoitzean krimen bat, gaizkile bat ezagutzera ematen dute ahots kontakizunaz, eta beroni lotuta bertso sorta edo kantua.

Itsaso zikin bat podcasta Martin Larralderi eskainia da.

Hemen dugu entzungai!

 

 

Martin Larralde, Joseba Sarrionandia eta Ruper Ordorika

"Zerua itsaso zikin bat da" esanez hiltzen irudikatu zuen Martin Larralde, galeretan, Joseba Sarrionandiak, Ruper Ordorikaren kantu ezagun honetan. Martin Larralde ez zen sekula itzuli, baina itzuli balitz ere zer? Inork ere ez du koblakaririk behar.

Bideoaren iturria: Elkar.