1.Urratsa / 1.Ikasturtea
Galerianoaren kantua Martin Larraldek utzitako azken testigantza da, Paueko presondegian sartu zutenean, bizi guztirako galeretara kondenatu zutela jakitun. Bere egia bertsotan jarri nahi izan zuen, azken bertsoan aitortzen duenez, helburu batekin: partikularzki, aita zuretzako / kantu hok aditzean semeaz oroitzeko.
Izan ere aitak berak salatu zuen Martin Larralde: baserriaren oinordetzagatik liskarretan zebiltzan, eta euren lur sailean gertatu zen hilketa misteriotsu baten errua semeari bota zion aitak. Nonbait, aitak euren baserriko lur sailak mozteko baimena eman zion herriko gizon bati, eta hau belarretan ari zela tiroz hil zuen norbaitek... Aitak berak, akaso?
Pauen epaitu zuten Martin. Epaiketan hainbat lekuko izan ziren, denak euskaldunak, frantsesez tutik ere ez zekitenak, eta zuberotar batek itzultzaile lanak egin behar izan zituen, baita frantsesezko agiri guztiak idatzi ere. Epaileek galeretara kondenatu zuten bizitza osorako; zazpi epaile agertu ziren deliberoaren alde eta bost aurka.
1816an, 35 urte zituela eraman zuten Rochefort hiriko galeretara. Lan behartu horietan ari izan zen, 1821ean, 40 urterekin, Rocheforteko itsasgizonen eritegian hil zen arte.
Ikus bere bizitzaren berri Joseba Aurkenerenak kazeta.eus atarian idatzitako artikuluan, hemen.
Euskal Gaizkileak podcast seriea ekoiztu du Zuzeu-k, Beñat Hach Embarekek zuzenduta, Bikoiztaile Euskaldunen Elkartearekin elkarlanean. Kapitulu bakoitzean krimen bat, gaizkile bat ezagutzera ematen dute ahots kontakizunaz, eta beroni lotuta bertso sorta edo kantua.
Itsaso zikin bat podcasta Martin Larralderi eskainia da.
Hemen dugu entzungai!
"Zerua itsaso zikin bat da" esanez hiltzen irudikatu zuen Martin Larralde, galeretan, Joseba Sarrionandiak, Ruper Ordorikaren kantu ezagun honetan. Martin Larralde ez zen sekula itzuli, baina itzuli balitz ere zer? Inork ere ez du koblakaririk behar.
Bideoaren iturria: Elkar.