Ez nuben bada pentsamenturik zuri bersuak jartzeko bañan lagunak esan dirate isilik ez egoteko motiborikan ez degu eman zu horrela mintzatzeko ez diran gauzak esan dituzu diña da minberatzeko.
2.
Ibaizabalen sari txiki bat irabazteagatikan gogora etorri zaizun guztiya esan dezu gugatikan nik esan behar banu munduan zaude gaur guregatikan zu sendatzeko sendagarririk etzan iñungo botikan.
3.
Zenbait alditan zu sendatzeko egin ditugu errezuak pena aundiya ematen zigun emazte eta gurasuak zeñek pentsatu zuk gure kontra horrela jartzia bersuak? ez gera bada zuk uste dezun beziñ enbidiosuak.
4.
Gu ernegatzen bizi gerala senargairikan ez-ta nere lagunen artean behintzat horrelakorikan ez da neri sinisten ez badirazu etxian hasi galdezka nik baña hobeto emango dizu Vicentak errespuesta.
5.
Zure amigo batek esan du neskazar onik ez dela: horren ederki gure gañean egin dezute pastela. Pruebarik asko berak baditu hori egiya ez dela, gure moduko persona ez da esango nuke bestela.
6.
Gazteak monja juan dirala ta gaur kulpa neskazarrari zure partetik nahi gaituzula danok herritik biali bokazio hori ez bazeukaten zertako hala ibili? Lagundutzia zuten etxean aitari eta amari.
7.
Neskazarraren izenak denak ditubela ikaratzen horiyen jabe egiñ ezkero egongo dela erretzen zerbait dutenak izanagatik ez hasteko hoyek hartzen guretzat beste disparaterik ez altzaizu gogoratzen?
8.
Eskian dela esan diguzu gehienan errematia ezta seguru ezkonduak ere bide hortara ez juatia. Ia ikusi degun ezkeroz gaur zure borondatia eskusatuko degu jotzia zure etxeko atia.
9.
Etzait gustatzen religiyoko gauzak ahotan ibiltzia errespetoko gauza guztiyak serio tratatutzia harriturikan gelditu gera zu horrela mintzatzia esperatzen det hoinbesterekin Enrique, konprenditzia.
10.
Edadetxoko nere lagunak nahi nituben anparatu horiyei gusto emateagatik dizut ordañak bueltatu nahi badituzu Ibaizabalen hoyek ere kopiatu eta saririk ematen badu gutaz ere akordatu.
GERTAERAREN BERRI
Ibaizabal astekariak sariketa bat antolatu zuen, gaitzat "neskazarrak" emanda. Enrique Elizetxeak irabazi zuen, emakumeei buruz handiak esanaz. Ikus sorta, hemen. Enriquek esandakoekin zeharo haserre, inguruko emakumeek bertsotan erantzuteko eskatu zioten Joxepa Antoniri, eta hala idatzi zuen sorta hau. Enriqueri bidali zion eta honek Ibaizabalera zuzendu zuen (ikus PDF-an Enriquek Ibaizabalera bidalitako gutuna). 1902ko maiatzaren 11an argitaratu zen Joxepa Antoniren sorta.
OHARRAK - Bertsotan agertzen diren erreferentziak
Enrique Elizetxea gaixorik egona zen eta emakume ezkongabeek zaindu zuten bere gaixoaldian. Gainera, Enriqueren familiako ostatuan etxezaina zen Bixenta ere ezkongabea zen (eta sendian eragin handia zuen emakume hark).
Hitzetik Hortzera saioak egindako elkarrizketa honetan, Joxepa Antoni Aranberri bertsolariari nor zen ezagutuko dugu, berau ikertu duen Elixabete Perez Gazteluren ahotik.
XENPELAR FAMILIA OSPETSUAN, AMA ERE BERTSOLARIA ZUEN
“Xenpelar” bertsolari familia zabalean jaio zen Joxepa Antoni Aranberri. Sendiko bertsolarietan ezagunena bere osaba zen, Juan Frantzisko Petriarena “Xenpelar”. Eta ezezagunena, berriz, juxtu bere ama, Maria Luisa.
Juan Frantzisko eta Maria Luisa “Xenpelar” anai-arrebak, elkarrekin aritzen ziren bertsotan jendaurrean, euren lantegian: fabrika handian.
Bi anai-arrebak hiltzeko unera arte egon ziren elkarrekin. Baztangaz gaixotu zen Juan Frantzisko, eta arreba Maria Luisak haren etxera joatea erabaki zuen, anaia zaintzera; Maria Luisa haurdun zegoen, eta etxean 4 urteko alaba utzi zuen, Joxepa Antoni txikia. Baztangaz kutsatuta, hiruak hil ziren: lehenik Juan Frantzisko, ondoren haur jaioberria, eta segidan Maria Luisa.
Halaxe, 4 urterekin, amarik gabe gelditu zen Joxepa Antoni: handitzean, bera ere irakurzale amorratua izango zen, ama-zena bezalaxe. Eta fabrika handian egingo zuen lan eta bertsotan, jendaurrean eta bat-batean, lehenago bere amak eta osabak bezalaxe. Bertso jarriak idatzi eta argitaratzera ere iritsiko zen. Eta bere buruari “Xenpelar” deituko zion.