1.Urratsa / 1.Ikasturtea
*Bertso transkribatuen iturria: "1808-1814 en la poesía popular vasca" (Jesus Maria Leizaola, 1965 Ekin).
Euskal Gaizkileak podcast seriea ekoiztu du Zuzeu-k, Beñat Hach Embarekek zuzenduta, Bikoiztaile Euskaldunen Elkartearekin elkarlanean. Kapitulu bakoitzean krimen bat, gaizkile bat ezagutzera ematen dute ahots kontakizunaz, eta beroni lotuta bertso sorta edo kantua.
14 heriotzak sortaren harira sortutako podcasta hementxe dugu entzungai. Kontakizunaren amaieran (36. minututik aurrera), bertso sorta musikatuta entzuteko aukera dugu, Andoni Tolosa "Morau"k egindako bertsioan.
Hiltzailea, Joxe Larrañaga Juaristi, 1801ean jaio zen Mendaron (Gipuzkoa) eta 1825ean egin zituen hilketen berri kontatzen du sortak. Bertsotan aipatzen denaren arabera, Joxe Larrañaga bere testigantza ematen ari da, kartzelan, heriotza zigorraren zain dagoen artean (garrotez hiltzera kondenaturik). Baina bertsopaperak ez dakar bertsolariaren izenik. Ez dakigu Joxe Larrañagaren balizko kontakizuna nork ekarri zuen bertsotara.
Sortaren jatorria ikertzen ari dira Modesto eta Bertol Arrieta aita-seme zarauztarrak. Jatorrizko bertsopaperaren kopia aurkitu dute, Euskaltzaindiaren liburutegian. Sorta 1826an inprimatu zen Tolosako (Gipuzkoa) "D. Juan Manuel la Lamaren Moldeteguian". Arrieta aita-semeen arabera, bertsopaper hori Louis Lucien Bonaparte printzeak jaso zuen eta Londresen zeukan liburutegi pertsonalean gordeta eduki zuen, bere alargunak Chicagoko Newberry Libraryri saldu zion arte (1900. urte inguruan). Gero, 1980. urte inguruan, Euskaltzaindiaren liburutegiak Bonapartek jasotako bertsopaperez osatutako mikrofilm bat erosi zuen, ikertzaileentzat eskuragarri egon zedin. Ikus, pasarte honen berri, Juan Luis Zabalak Berrian argitaratutako artikuluan (2014-08-08).
Sortaren egilea nor ote zen ikertzen ari dira eta, aukeren artean, Hernaniko Lazaro Joaquin Ayarragaray ote zen susmoak hartuta daude. Hainbat arrazoi dituzte, garai hartako bertsolarien artean Ayarragaray izan daitekeela pentsatzeko: bertsoak Beterriko hizkuntzan idatzita egotea, egilea eskolatua izatea, eta bertsoen kalitatea. Hernaniko Kronikak 2016-02-28an eman zuen arrasto honen berri.
Arrieta aita-semeei egindako elkarrizketa ikus daiteke bertan (2015-12-05ean emititua).