Hondarribiko Joxepaz dakigun apurra, Bilintxek jarritako sorta honen bidez iritsi zaigu: "Hondarribi aldian aditzen genduen/ dama bertsolari bat nola bazeguen/ zeinak Euskalerrian parerik ez zuen". Sona haiek egia ote ziren jakin nahian, Joxeparekin probatzera joan zen Bilintx... Joxeparen bertsorik ez zaigu iritsi, ordea, tamalez. Maialen Lujanbiok emango dio errespuesta Bilintxi, Joxeparen ahotik.
1.
Bilintxek Hondarribiko Joxepari
Aspaldian, Joxepa, famatua zeunden, gu berriz ikusteko desiotan geunden; Hondarrabi aldian aditzen genduen dama bertsolari bat nola bazeguen, zeiñak Euskalerrian parerik etzuen.
2.
Egiak ote ziran famaren hots haiek, bixitatu zindugun zenbait jakinzalek, hamar edo hamabi donostiatarrek; haiekin batian zan bizar haundi harrek, izkribatzen dizkitzu zuri bertso hauek.
3.
Ni bertsolaria naiz bainan det aditu ez nitzaizula zuri hala iruditu; zuk horla pentsatzia ez da zer harritu: nere jakinduririk ez nuen argitu, zergatikan ez nitzan premian arkitu.
4.
Balilteke irixtia premia horretara, agindu zenidala goguan det bada, prestaturikan nere desiuetara, baldin dibertsio bat nahi banuen para, etorriko ziñala Errenteriara.
5.
Egizu nahi zunian, dama, etorrera; zuregan utzitzen det egunan aukera; ipintzen badidazu horrelako era, aprobetxatu gabe ez niteke gera, alkarrekin berriro mintzatuko gera.
6.
Arkitzen baldin banaiz orduan umorez, proga emango dizut lehenagoko ordez, beste iñori baiño gustorago doblez, gero juzga dezagun ezaguera hobez, ia bertsolaria al naizen edo ez.
7.
JOXEPAREN ERANTZUNA (Maialen Lujanbioren eskutik)
Bere bizar haundia eta antijua Hondarribira egin du bixita pijua pena du Joxepari ez adarrik jua berriz izan ez dezan keja ta ijua Bilintxi bertso hauek jartzera nijua.
8.
Galdera egin dezu kalian ta kaian dalako Joxepa hori harrapatu nahian baino Joxeparikan ez izaki zai han bertsua izaten da noiznahi gure mahaian baina ez erronkosuek nahi duten garaian.
9.
Hondarribira etorri zinana erromes dama bertsolaririk bazegon edo ez lehen ez nizun nik ein da orain lehengo ordez proba hartuko dizut gustoz ta onorez baldin aurkitzen banaiz ni ere umorez.
10.
Mila zortzirehunetik pasa gabiltzala haundia da Bilintxen bertsoen itzala berak bihartu du nik hauek jar nitzala nahi dunak Joxepanak ikasi ditzala geroak jakin dezan ni're banintzala.
Bilintx Joxeparekin probatzera joan zen, Hondarribiara
Hondarribiko Joxeparen berri, Bilintxen sorta honen bidez iritsi zaigu.
Bertan, Bilintxek azaltzen du nola iritsi den bere belarrietara Joxeparen sona:
“Hondarribi aldian aditzen genduen/ dama bertsolari bat nola bazeguen/ zeinak Euskalerrian parerik ez zuen”.
Fama hots haiek egia ote ziren jakin nahian, Donostiako dozena bat lagun Hondarribiara hurbildu zen, tartean Bilintx bera.
Antza denez Bilintxek bertsotan neurtu nahi zuen Joxeparekin, baina honek ez zion jokoa segi; gainera Joxepari ez omen zitzaion iruditu Bilintx bertsolaria zenik ere (edo hori da Bilintxen belarrietara iritsi zena). Eta festa jartze aldera, berekin probatu nahi bazuen, egun batean Errenteriara etorriko zela hitzeman omen zion Joxepak.
Bilintxek sorta honetan jaso zuen Hondarribian izandako gertaera hura, argi utziz Joxeparen zain egongo zela, elkarrekin bertsotan neurtu eta “gero juzga dezagun ezaguera hobez/ ia bertsolaria al naizen edo ez”.
Ez dakigu Joxepak zertzuk esan ote zituen, Bilintxen sorta eskutan hartzean.
Eta ezta inoiz elkar neurtzera iritsi ote ziren ere.
Baina donostiarraren sorta erantzun gabe uztekoa ez zenez, Maialen Lujanbiok jarri zituen bertso hauek, Hondarribiko Joxeparen ahotik. "Bertsolaritzaren sekretuak" emankizunean jendaurreratu ziren.