Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB | Bertsoikasgela Bertsozale Elkartea
Bertsoeskolak Bertsoeskolak

Sagardotegian, sukaldean zein soroan

2020-03-09

Bertsoa plazan soilik ez, eguneroko bizitzako espazioetan topa zitekeenaren seinale dira Joxepa Inaxi Elizegi eta Plazida Otaño bertsolarien bat-bateko perla hauek, albotik ekindako ziriei errespuestan, umorez. Tartean, Txirritari emandako erantzuna ere bai.
0.

 

*Bideoaren iturria: Hitzetik Hortzera, 2020-03-08.

 

Joxepa Inaxi Elizegi, sagardotegian

Joxepa Iñaxi Elizegi Asteasuko Goikoerrotan sortu zen, bertsolarien etxean: aita Pello Errota zuen, ahizpa Mikela Elizegi. Hiruek ere errota beti martxan, bertso-aleak xehetzen.

Etxean sagardorik ez zuten egiten, eta sagardotegira sartzen zen Joxepa Iñaxi, etxerako bila.

Behin, kupel arteko giroan, "toreatzen" hasi ziren Joxepa Iñaxi: hasteko bertsotan alegia, eta horrela bota zien.
 
Gogorikan ez daukat,
lotsa bestetikan,
horra emakumea
naizen partetikan;
toriatzen banazue
aldamenetikan,
ederrak aditzeko
zaute nigandikan.
 

Sagardotegira sartu zen hurrengo batean, bi gizon aurkitu ditu bertsotan, Pello Errotari buruz. Eta halaxe bota die Joxepa Iñaxik.

Bertsotan ari dira
bi galtza-jario,
bat da Astiarra ta
bestia Antonio,
jendia emen dago
hoik diala merio,
aita guriarentzat
ez dute balio.

 

Plazida Otaño aitarekin sukaldean, elkarri arpa joz

Bertsolarien etxean sortu zen Plazida Otaño ere: 4 belaunalditan zituzten bertsolariak Otañotarrek. Azken kate-begia zen Plazida.

18 urte zituela, jai-bazkalondo batez, bertsotan ari zen aitarekin, Jose Bernardorekin, etxeko sukaldean.

Alaba gaztea hasi da zirikan: adinez osatzen ari dela, ezkontzeko asmoa duela eta… beretzat dotea prestatzen hasteko, bota dio aitari.

Dotea adituta, erne jarri da Jose Bernardo!


Jose Bernardo

Ezkondu bear denala,
oi den baloria!
Emezortzi urte den
ire edadia.
Pikara, gaizki azi,
lotsarik gabia,
ik aberastuko naun
len banaiz pobria.

Plazida
Aita, zartu ta gero
garai obia ezta,
neska gaztiak ere
badu bere kezka;
illea zuriturik,
nobiyorik ez-ta,
orduan alperrik da
soñuba ta pesta.

 

Txirritari errespuestan

Behin, Zizurkilen, etxe aurreko belazean pagotxa ebakitzen ari zen Plazida. Eta hor non azaldu zaion Txirrita etxe atarira, aitarekin hitz egitera datorrela-eta. Aurrez aurre egonda, ez du egoekiera galdu nahi izan Txirritak, Plazidarekin bertsotan egiteko.


Txirrita
Gauz bat esango dizut
modu ondraduan,
noski ez naiz hasiko
hemen endreduan.
Nonbait egongo zara
aldarte beruan,
gaur horla zabiltzanean
udako beruan,
ez da atsegin izango
zure inguruan.
 
Plazida
Arrazoi horrek badu
bere parezera,
konprenituko dezu
mutila bazera.
Udarako beroaz
kexatzen al zera?
Lana hortan badezu
egiten atzera,
fraide sartu zintezke
komentu batera.