Koronabirusaren sorrera urrunak azkar galdu zituen txiste ta lurrunak eta etxean sartu gara euskaldunak etxe bat izateko zortea dugunak.
2.
Hozkailuko apalak jeneroz berdindu komuneko papera biltzen ahalegindu etxeetako ateak ixteko agindu birus ñimiño batek galanta egin du.
3.
Giltzak zintzilikatu ditugu atean gure etxekoekin gauden bitartean hitzik trukatu gabe elkarren artean mundua baitaukagu mugikor batean.
4.
Skypez bilatu dut lagunen babesa arratsaldean yoga, goizea feetnessa, watsappa, telegrama, Netflixa... estresa inora ezin joan eta hau da presa.
5.
Ta kapritxoak sortzen baldin bazaizkigu erosten jarraitzea hori dagokigu kalean arriskuan zertan ibili gu? Amazonek etxera ekarriko digu.
6.
Gure kontsumitzaile gaixoa, frikia begiak pantailara itsatsirik ia etxean isolatu eta atxikia kapitalismoaren maketa txikia.
7.
Zaintzaren aldarriak beterik mingaina sare sozialei hartu diegu tamaina gurasoekin kezka dugu alajaina bi astetan bixitan ez gara joan baina.
8.
Lantokira joan dira betikoak soilik medikuek ez dute guardia trankilik zenbat zaintzaile eta dendari isilik ta arnes bat aldamio batetik zintzilik.
9.
Telebistatik mintzo dira irribarrez kuarentenaz, alarmaz, neurriz ta abarrez birus batekin gerran gailendu beharrez orain oroitzen al da inor Zaldibarrez?
10.
Hilabete hutsean ahaztu zen hura gure pentsamenduak oraina du muga bakartu gara pizti izuen modura ongietorri denoi Orwellen mundura.
11.
Alarmarako deien alarmak hartuak hemen gaude ikaraz galdu xamartuak gu, etxeko bakeak erdi xarmatuak ta kalean dabiltza indar armatuak.
12.
Gasteizen soldaduak gaur goizeko prentsan guardiazibil, polizi, ertzainen defentsan etorri dira lasai lo egin genezan noiz alde egingo duten ez digute esan.
13.
Gure baitako eta kanpoko munduen artean zein sentitzen dugu urrunduen? Berriz irtendakoan ahal den seguruen ez dakit munduak hor jarraituko duen.