Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB | Bertsoikasgela Bertsozale Elkartea
Bertsoeskolak Bertsoeskolak

Joxepa Zubeldiak baztangaren matxinadari

2020-03-30

1918ko apirilaren 2an Hernanin gertatutako baztangaren matxinada kontatzen du sorta honek. Garaipena ospatzeko, ekainaren 1ean herri bazkaria egin zen Tilosetan eta Joxepa Zubeldiak, mahai gainera igota, sorta honetako 24 bertsoak kantatu zituen herritarren aurrean.
1.
Apirilaren bian
Hernaniko herria
lau orduan egon zan
ikaragarria
karrasi eta diarka
orduko larria
eskerrak genduela
batasun haundia.

2.
Orduantxe Hernanin
ez zan lo jendia
kanpana ta tronkua
dantzatuak dia
tronko haundikin itxi
ziraden bidiak
barrika gurdi eta
asma al guziak.

3.
Bidera atera ginan
emakume asko
eta ailegatu baino lehen
egin degu alto
zibilak esan zigun
etxera biltzeko
bazutela baimena
odola isurtzeko.

4.
Isurtzen badezute
odola gurekin
hil beharrak zerate
ze(u)on zaldiekin
guztiok bizkor gaude
gauza gogorrekin
bihurtu hobe dezute
baztangadunekin.

5.
Zibila franko baitzan
zaldi galantakin
guri desafioka
beren ezpatakin
ez ginan ez izutu
ho(r)iek guztiekin
danok atera ginan
mirari haundiakin.

6.
Mikela eta Asentxi
pareja fuertia!
Haiek aurre(a)n zirala
fin ginan jendia
zaharrak eta gaztiak
neskatxa eta andriak
andre txit aberatsak
baita ere pobriak.

7.
Lana egin genduan
kupida haundi gabe
senarrak utzirikan
bazkaririk gabe
ustuta petroleoz
ospitala i(g)urtzi
agudo errezeko
kristal danak hautsi.

8.
Horra bertso berriak
andre batek jarri
ez diot esker txarrik
ematen inori
orduko uniua
beti da komeni
hala gerta dedila
biba gu ta Hernani.

 

 

Bideoaren iturria: Hitzetik Hortzera, 2020-03-29.

 

 

Joxepa Zubeldia  (Hernani, 1865-1947)

 

Hernanin baserrian jaioa, Madrilera neskame joanda bertan ezkondu zen; bost seme-alabekin itzuli ziren Hernanira (1904an) eta bertan izango zituzten beste bi alaba. Joxepak Hernaniko kale nagusian jarri zuen janari denda.

Etxean sarritan jarduten zuen bertsotan bere anaia Kaxiano Zubeldiarekin.

Jendaurrean ere aritzen zen: gabonetan eta Santa Ageda bezperan bertso-eskean etxe aurrera zetozenean,  balkoitik jarduten zuen Joxepak, eskeko taldean zeuden anaia Kaxianorekin eta beste bertsolariekin.

Idatzi ere egin zituen sorta ugari. Bere idazmahaia zuen etxean, eta berak egindako koadernoetan idazten zuen, lumarekin. Baina seme-alabek ez zuten gogoko amaren bertsozaletasuna, eta lagun baten baserrira joaten zen bertsoak idaztera: Luisa castellana-ren etxera, Madrilen egindako lagunarengana. Bere sorta bakar hauxe heldu da gugana.

 

Bertso berrik andre batek jarrik

1918ko apirilaren 2an Hernanin gertatutako baztangaren matxinada kontatzen du sorta honek.

Lasarte eta Hernani inguruetan baztanga kasuak agertu zirenez, Gobernadoreak hainbat neurri hartzeko agindu zuen. Tartean, zazpi gaixo Hernaniko Benefizentzia Etxera eramatea, ospitale hartan hobeto isolatuta egongo zirelakoan.

Gaixo guztiak Hernanira ekarriz gero, gaitza bertan zabalduko zen beldurrak hartu zuen herria. Eragozteko, herritarrek bideak barrikadaz bete zituzten: gurdiz, upelez, egur-oholez eta bestelako tramankuluz itxi zituzten bideak. Hernaniko ospitalea ere erretzeko zorian egon ziren, eta guardia zibilei aurre egin zieten. Matxinadan asko ziren emakumeak, tartean Joxepa Zubeldia bera.

Garaipena ospatzeko, ekainaren 1ean herri bazkaria egin zen Tilosetan eta Joxepa Zubeldiak, mahai gainera igota, sorta honetako 24 bertsoak kantatu zituen herritarren aurrean. Orduko hartan ere seme-alabak lotsatu egin ziren amaren bertso jardunaz.