Egunak luze doaz eta gauak labur igande hartan esan nizunetik “agur” geroztik naiz geldirik bare dagoen ur ilusio hutsetik elikatzen den lur.
2.
Goizetan kentzerako begi makar printzak buruan dauzkat zure bezperako hitzak baina nola basoan hazten diren zizak bizitza laburra du pozaren bizitzak.
3.
Maitasuna ez dago arauetik salbu ezin besarkadarik erosi nahiz saldu laztandu ta bihurtu elkarren azal gu, hura larrutu eta mamia azaldu.
4.
Nahiz irri bat zabaldu bi ezpainen mugan ezin egonak zenbat ezinegon gugan. Goxo hartu nahi zaitut, kulunkatu zugan, beldur naiz, beldur ea asmatuko dudan.
5.
Nola doan garaian zalduna zaldian amesten dut esnatze baten atarian. Aitortza bat, laztan bat, muxu bat agian, lehen aldi berri bat ehungarren aldian.
6.
Nahiz dena den pasio, loraldi eta su ta aitortu “behar zaitut, kontuan har zazu” zu gabe izan naiz ni ni gabe zara zu. baina alboan mesede egiten didazu.
7.
Neure argi baitzara ez itzal, ez orbain baina itxialdi txar ta zail baten ordain berriz zu ezagutzeko beharra dut orain. ta sareak zapi fin bihurtzeko off-line.
8.
Harreman birtualak beti dira zailak koloreak itzaltzen baititu pantailak. Nik pasahitzak baina nahiago zerrailak eta bizar laztanez gorritu masailak.
9.
Baina harremantzeko lehen geneuzkan erak baimen omen ditzake denboraren hegak. Ta gerora baletor antzeko beste bat azpian har gaitzala teilatupe berak.
Haritz Mujikari sariketa irabazi-berritan Bertsoa.eus-ek egindako elkarrizketa hemen ikusgai.