Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB | Bertsoikasgela Bertsozale Elkartea
Bertsoeskolak Bertsoeskolak

Teknorlogiak

2021-01-18

Emakume zientzialarien asmakuntzei eskainitako sorta. Iturriak: Irunero aldizkaria eta Irunabar ataria.
1.
Nahiz eta ezagutu
asmatzaile legez
Tales, Einstein, Edison
edo Arkimedes,
erdiak ezkutatu
dizkigute berez;
pertsona asko jardun
ziren gogo trebez
ez zirenak gizonak
zuriak ere ez.

2.
Ada Lovelace aditu
zen teknologian,
Babbage-en laguntzaile
zena, teorian.
Munduak eduki du
ahazteko zorian…
Lehen programatzaile
gisa historian
gorde behar genuke
gure memorian!

3.
Mária Telkes ere
ez da maiz agertu,
eguzki-energia
zuena ikertu.
Lehen eguzki-labea
utzi zigun gertu
eta landako zenbait
herrixka suspertu…
Argindarra dugunok
zergatik eskertu?

4.
Zaila da Hedy Lamarr
izarra iluntzen:
aritu zen uhinak
sumagaitz bihurtzen,
seinale sekretuen
teknika taxutzen;
Wifia ere hari
esker garatu zen…
eta zergatik ez du
inork ezagutzen?

5.
Jakin nahi duzunean
non zauden benetan
Gladys West-ekin senti
zaitezke zorretan:
funtsezkoa izan zen
ikerketen bueltan
gaurko GPSen
matematiketan,
baina ezin kokatu
gure orbitetan.

6.
Margaret Crane-en bizitzaz
hastean galdezka
ariko ginateke
galderei iheska;
ba hark asmatu zuen,
protestak protesta,
etxean egiteko
haurdunaldi testa…
gizon zuriarentzat
huskeria, ezta?

7.
Ur edangarria da
askoren helburu
Deepika Kurup-ek erraztu
duena seguru:
Eguzki energia
hartuz iturburu
ura arazten duen
teknika sortu du…
Merezi bezainbeste
eskertu al dugu?

8.
Maitane Alonso-ri
jarrita begira
makina bat sortzeko
gai izan zen, tira:
bertan elikagaiak
kontserbatzen dira
jasangarritasuna
hobetuz, argi da…
NASAn ezaguna da,
hemen ez dakit ba…

9.
Sortzen diren heinean
zenbait beharrizan
jartzen gara erantzun
onenen peskizan.
Emakume ugari,
aipatuen gisan,
nahiz eta nahita utzi
dituzten gerizan
ez dezagun sinetsi
ez zirenik izan!

*Iturria: Irunabar-en webgunetik ekarria. Jatorrizko publikazioa Irunero aldizkarian.