Elon Munsk enpresariak Marten aberatsentzat bizilekua sortzeko duen proiektuaz jarritako sorta. Iturria: Bertsolari Aldizkaria.
1.
Izen bat bada, ospe handiaz, heldua gure artera, Elon Musk bere grazia eta aberatsa da gainera. Dirua eta denbora sobran, kontuak zuek atera, Lurrean nahiko toki ez eta astronautaren antzera, bidaiak egin asmotan dabil Ilargi eta Martera.
2.
Haien hitzetan egingo dute, metafora ederrean, espaziora doan taxia beste guztion aurrean. Ordenagailuz gidatzen dena astronauta beharrean, ilargipean bururatu zait, nor dabil inularrean? Burua dauka orbitan eta oinak ez dauzka lurrean.
3.
Texas aldean ba omen dute halako basamortua, txoko batean jarri digute kohete aireportua, orain artean nahiz hiru aldiz den gorantz abiatua, hiru alditan gelditu zaigu burdin-hauts bilakatua, nigandik urrun egin bezate euren esperimentua.
4.
Merke-merkea ez da izango lan horietan hastea, aberatsentzat egin du plana, ez da komeni nahastea. Enpresa baten jabea bata, banku batena, bestea, gauza onen bat izan behar du, kontsolamendu tristea, modu horretan lortuko al da Lurra bakean uztea.
5.
Gaizto xamarra izan liteke nire irudia, tira, baina barruan daukadan hura askatzea komeni da. Hiru jeneral, bi diktadore, barruan ageri dira, burtsan etxetik aberastu den gizon bat haiei begira, pena handirik ez zen izango denak galduko balira.
6.
Espaziora zabaldu nahian omen daude turismoa, gure garaiko bekatu handi da exhibizionismoa. Bidean askok galdu behar du, hartua diot susmoa, eta lurrean disfrutatzea dudanez nire asmoa, izarretara begira baina sofan etzatera noa.