Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB | Bertsoikasgela Bertsozale Elkartea
Bertsoeskolak Bertsoeskolak

Koronajeak

2021-02-09

Julen Zulaikak abestu eta Harkaitz Bastarrikak gitarraz lagundua.
PDF
1.
Ez det esan nahi gaitzikan
ez dagoenik baizikan
ez al da beste gauzikan?
Non da kritika, hausnarketa non
jartzen duenik auzitan
hamarretik beatzitan
haize berririk gutxitan
albiste iturri guztitan.

2.
Milaka grafiko, datu
portzentai, tasa olatu
bada zeinek gogoratu
reality hau nolatan dugu
errealitateratu
psikosia da eratu
ta luzerako geratu
ez al zinen konturatu.

3.
Gel hidroalkoholikoak
musuko ta plastikoak
nonbait ez ziren nahikoak
mesiasen bat behar zuen hain
egoera tragikoak
bete asmoz poltsikoak
lobby farmazeutikoak
patente gosez itoak.

4.
Normaltasun berri hontan
ez al gaude erdi lotan
murgilduak behe lainotan
ertz askotako krisi bortitza
bizi dugun garaiotan
ez dezagun pentsa hortan
aritzen dira askotan
lotsak estali asmotan.

5.
Paradoxiko xamarra
ehuneko hogeitamarra
igo dela argindarra
denda txiki ta tabernak larri
joan zen kaleko aparra
ta Amazonek barra barra
saltzea hauxe earra!
falta zitzaigun bakarra!

6.
Ez al du aski garrantzi
noiz betaurrekoak jantzi
noiz datorrena irentsi
noiz da egi bat gezur erdi noiz,
zientzia da zientzi
mila galderen sintesi
beti dirua lehenetsi
dutenei zenbat sinetsi.

7.
Eurek omen dute kulpa
non nahi salaketak, multa
gazteengan dago lupa
lehen polizia gutxi zen nonbait
ta hara zenbat errekluta
lege betetzaile ultra
hiritartasun kondukta
bandera gisan hartuta.

8.
Argi berde, gorri, hori
atzo ondo gaur hiltzori
orain kendu, orain tori
gabonak dira kontsumoaren
sareetan lasai erori
ze adar jotze da hori
makina bat azal lori
gure bizkar dabil ongi.

9.
Txertaketaren kanpaina
gardena bezain bikaina
ia nork hartuko gaina
edozein taska zaharretan bada
protokoloa hor aina
ixten zaila den orbaina
akaso horren ordaina
ez dute jasoko baina.

10.
Ez al da lehen baldintza
beti bete ahal balitza
erdigunera bizitza
ospa beldurrak, gora bihotzak
negar egin, lasai mintza.
auzolana, herrigintza
elkar zaintzea da giltza
edo galdurik gabiltza.

Irudia: Arraio Irratia.