Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB | Bertsoikasgela Bertsozale Elkartea
Bertsoeskolak Bertsoeskolak

Zer duzu, umetxoa?

2021-05-24

Lotarakoan haurraren eta helduaren arteko elkarrizketa, beldurrei buruz. Harituz-ek antolatutako bertso jarrien emanaldian abestua (Larraul, 2021-05-15). Bideoaren egilea: Anbune.
PDF
1.
Zer dezu, umetxoa?
Kontatu aitari/amari.
Zerk kentzen dio loa
gure txikiari?

Beldurra ematen dit
lotara joateak
eta bakar bakarrik
begiak ixteak.

2.
Begiak itxi eta
has zaitez pentsatzen
mundu hontan ze gauza
zaizkizun gustatzen.

Eta zer egingo det
kentzeko ikara
armairutik mamu bat
ateratzen bada?

3.
Hor mamurik dagonik
maitea ez uste
mamuek ere gauez
lo egiten dute!

Mamurik ez omen da…
bai baina agian,
munstro bat egon leike
ohiaren azpian!

4.
Jarriozu izen bat
Jon edo Arrate…
eta lagun haundiak
egingo zerate!

Munstroaren ordez zer
egingo dut, berriz,
lo nagola lapur bat
etorriko balitz?

5.
Lapurrengatik behintzat
ez zaitez beldurtu
ametsak ezin ditu
inortxok lapurtu.

Nahiz etxetik lapurrak
ez eraman ezer
beldurrak jota pixa
egiten badet zer?

6.
Inoiz pasako zaizu
ez lotsatu, hara:
maindireak aldatu
ta berriz lotara!

Ilunpetan ordea
ezin det lo egin;
beldurtzen naiz ikusten
ez diren gauzekin.

7.
Ilun baldin badago
ez ahaztu sekula
barrenean bakoitzak
argi bat degula.

Hotsek izutzen naute,
ordea, gauean,
dena entzuten baita
isiltasunean.

8.
Isil-isilik gauden
momentutxo hortan
hasten dira hizketan
beldurrak askotan.
Isilarazi eta
kanporatzekotan, (bis)
sendagairik onena
hastea bertsotan!
Bakean utzi baietz,
hurrengoan, lotan!