Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB | Bertsoikasgela Bertsozale Elkartea
Bertsoeskolak Bertsoeskolak

Merkezurreko esaldiei jarriak

2021-06-10

Albokoari bizitzako lezioak emateko zabaltzen ditugun esaldi ponposoei zuzendutako sorta. Harituz-ek antolatutako bertso jarrien emanaldian abestua (Larraul, 2021-05-15). Bideoaren egilea: Anbune.
PDF
1.
Merkezurreko hiru
lau esaldi txoro
nahikoa ekartzeko
frustrazio oro.
Astindu nahian gure
izate ta gogo
edozein bihurtzen da
arimaren loro,
kezko amets saltzaile ta
sasipiskologo.

2.
Guraso izan berri
baten ondorena:
umearen negarra
gaueko kondena,
iratzargailu hotsak
bostetan ordena.
Nahiz bisai erdia den
begi zuloena
“Irripar bat da dagon
makilai onena”.

3.
Ukondoak urratu
ostean jo ta ke
berriz ere penkatu
egin duzu mate.
Kimikan bi koma bost
ta fisikan kate…
baina astonauta izan (e)ta
bisitatu Marte
“Gogor saiatzen denak
dena lor dezake”.

4.
Bere ondoan bizkortzen
zaizu taupa hotsa,
aitortu behar, nahiz ta
horrek sortu lotsa!
Zuk segi belauniko
(e)ta jaitsi kokotza,
hori da maitasuna
eta ez morrontza
“Gidaririk onena
da zure bihotza”.

5.
Lanbideko ilaran
urtea guztira
(e)ta hipoteka zintzurra
estutzen ari da.
Zure ametsa bada,
zoaz Miamira
“Zertan geratu lotan
ametsei begira?
Hemen, ametsak egi
bihurtzeko dira”.

6.
Ofizio polita
da igeltseritza;
andamio gainean
nolako paliza!
“Larunbatean lana!”,
−nagusian hitza−
tupperrean atzoko
Tarradellas pizza.
“Hiru egun dira ta
gozatu bizitza”.

7.
Golf pilotaren pare
baduzu fistula
labankada bihurtu
daiteke eztula.
Mina handitu arren
pilulaz pilula,
malkoak lehortzean
ez ahaztu sekula:
“Minak indartsuago
egiten zaitula”.

8.
Guztiok gara hauskor
(e)ta giza abere
(e)ta gorabeherak dira
bizitzaren lege.
Nire sortak nahiz ez zu(e)n
laguntzea xede,
bertsoren batek egin
badizu mesede,
beharbada ez zaude
horren gaizki ere. (Bis)