Zientzialari transexualak ezagutzera ematen dituen sorta. Bidasoako Hitzan argitaratua.
1.
Eredu faltak sortzen baititu problemak hona bildu ditugu zenbaiten izenak: zientzialariak, bikainak den-denak, askok ezagutuko ez dituzuenak, Transak direla esan behar izan dutenak.
2.
Tuberkulosiak du eragin bortitza azkar hautematea da lehen baldintza, eta topatu zuen Alan Hart-ek giltza: baliatuta X izpien jakintza salbatu zuen beste askoren bizitza.
3.
Lynn Conway bera ere nola ez aipatu, informatikaria, on bezain famatu: mikroprozesadore bat zuen asmatu hala ordenagailu guztiak azkartu; baina mundua dabil ezin prozesatu.
4.
Nahiz eta zaila izan esplikazioa Rachael Padman-ek a zer aportazioa: argiztatuz izarren eboluzioa astronomia denez bere pasioa, berak ere merezi du espazioa.
5.
Ben Barres da beste bat aski nabarmena Neurobiologian katedradun zena. Ikertu zuen glia zelulen ahalmena leheneratu asmoz nerbio-sistema. Sistemak berak gaizki ulertu zuena.
6.
Fisikari bikain bat ez zena akitu, segurtasun nuklear gaietan aditu, Angela Clayton ez zen nahikoa saritu; zeren inork nahi badu serio aritu bizitzan segurtasun gehiago behar ditu.
7.
Brigitte Baptiste-ek dakar hamaika kolore: Bioaniztasunen gaietan doktore, ekologiaren zein bizitzen fabore, gaur unibertsitate baten errektore. Ia natura bera bezain transgresore.
8.
Audrey Tang aipatzeke ezin utzi bertan: erreferente bat da software libreetan, hacker bat dabilena ministro lanetan, “Libre” eta “ireki” aldagaien bueltan Txerta dezagun bera gure lengoaietan.
9.
Juani Bermejo-rentzat lanaren ordaina: jo du konputazio kuantikoan gaina. Han-hemen arituta gogor, alajaina, darama ikertzaile karrera bikaina, trantsizioak zaildu egin dio baina.
10.
Horrelako sorta bat, baina, zertarako? erreferente falta badagoelako, berdin dio noizko den eta norentzako; bideak zabaltzea ez da kalterako! Mundua ederra da anitza delako.