Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB | Bertsoikasgela Bertsozale Elkartea
Bertsoeskolak Bertsoeskolak

Mingarri den bitartean

2021-07-12

Euskal gatazkari. Basarri Saria 2021.
1.
Gure nerabezaroan,
birjin ginela artean,
harrizko herri bat bazen
Kantabriako partean:
paretetan sententziak,
arrakalak gizartean…
Oroitzapenek astintzen
naute tartean-tartean;
horregatik eseri naiz
arranguraren parkean,
minaz idaztera mina
mingarri den bitartean.

2.
Burujabetza, euskara,
askatasuna, bakea,
lurrundutako leihoak
giltzatutako atea,
belaunaldiz belaunaldi
pilatu zaigun nekea,
begiak bildu ezina,
ametsak ezin betea,
nork bere ispiluari
bizkarrik ez ematea...
Buruhauste eder bat da
euskalduna izatea.

3.
Isiliuneen beilari,
ezkutuko hitzen mago,
errelato baten bila
aritu gara luzaro;
baina min asko daudenez
norberarenaz harago
lerroek ez dezakete
marra gorririk igaro.
Nahiz eta egia batzuk
beti diren egiago,
erabateko egia
den egiarik ez dago.

4.
Kaxko ezberdinetatik
eginagatik aldarri,
zergatik etsaitzen dira
Ermua eta Etxarri?
Mahaira aulki berriak
nahi badira erakarri,
aho bakoitzeko behar
genituzke bi belarri,
elkarrengana hurbildu
erreparatu elkarri...
Mugitu gabe ezin da
besteen lekuan jarri.

5.
Bidea ardaztu arren
dezakegunik politen,
“keinua eskertzen diat”,
“beste urrats bat nahi niken”;
testigantzak testigantza
ta bizipenak bizipen,
oraindik ez gara gure
lubakietatik irten.
Bi malkok hirugarrenik
ez badute eragiten,
gu izateak ez gaitu
pluralagoak egiten.

6.
Non da lehengo borroka
eta iniziatiba? “
Non lehengo militantzi
ta ekitaldi segida?
Aitortzak aitortza eta
kalejirak kalejira,
nor dabil iraunkor preso
eta biktimei begira?
Itsaslabar zauritu bat
gure herria hori da,
zipriztinduta daudenak
bakarrik bustitzen dira.

7.
Abusu eta torturak
ETA ta GALen jarduna,
batzuen kare bizia,
besteen Parabelluma,
odol putzuak, hilkutxak,
senideak, alarguna…
eten puntuz betea da
gure argazki albuma;
zoru labainkorra izan
liteke etorkizuna,
ahazten baldin badugu
oroitu nahi ez duguna.

8.
Indarkeriaren seme,
jazarpenaren alaba,
besteen sufrimendua
sufrimendu ez al da ba?,
Zubiak landu ezean,
findu ezik begirada,
behin bakarrik bizi arren
gehiagotan hilko gara...
Zauriak orbain daitezen
hamarkadaz hamarkada,
justizia poetiko
bakarra memoria da.

9.
Memoria memorian
eta garunean garun,
egun jakin, urteurren,
bezpera nahiz biharamun,
bizikidetzan sakontzen
behar ginateke jardun;
besarkada bat umezurtz,
muxu bat haur motxiladun…
Izan gaitezen herritar,
benetako bizi-lagun,
posta kodeak bakarrik
partekatu ez ditzagun.