Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB | Bertsoikasgela Bertsozale Elkartea
Bertsoeskolak Bertsoeskolak

Bertso berriyak galera bati jarriyak

2019-06-26

Buruko azken kixkurrei, maitasunez. Emanaldia: Harituz, Bertso Jarrien Gaua. Bideoa: Anbune.
1.
Hasten den orok beti
zain dauka azkena
horixe da bizitza
hontako eskema
eta ez da izango
hau salbuespena
hostorik gabe dago
zuhaitzik gazteena
nahiz jakin hemen ezer
betiko ez dena
nahi baino lehen iritsi
zaigu udazkena.

2.
Garai bateko mobil
zahar ta Tuentiko
argazkiei begira
nago nostalgiko
ez aspaldi, duela
bi urte ta piko
nirekin zeundenean
zuztartsu ta tinko
baina bizitzan ezer
ez denez betiko
joan zara ta ez zara
berriz itzuliko.

3.
Txanpu onez igurzten
zintudan baineran
ez plantxa, ez gomina
ez tinterik eman
maitasunez orraztu
ebaki ilbeheran
baina halare ihes
egin dezu hegan
ta galdera ikur bat
sortu da neregan
ezin baitet ulertu
zergatik joan zeran.

4.
Nirekin zeundenean
ze atarramendu
ez laudorio goxo
eta ez lausengu
presentzirik ez nizun
bertsotan omendu
ta orain alperrik dira
"banintz" ta "bagendu"
nire burutik egin
zarenez aldendu
nahitare ezin zaitut
burutikan kendu.

5.
Katarro ta mukirik
ez bada nahi gugan
txapela jantzi behar
neguko freskuran
mendian ta hondartzan
ibiltzen naiz udan
protekzioa hemen
eta Aftersun han
lehen zertarako ote
zinen nengon dudan
ta orain faltan zenbat
botatzen zaitudan.

6.
Inguruan batere
ispilurik ez ta
tarteka uxatzen zait
zuganako kezka
baina ustezko lagunak
mutil eta neska
begirada burlatiz
ta irribarrezka
sarri etortzen zaizkit
zugatik galdezka
gehio amorratzen nauen
ezer ere ezta.

7.
Burusoila dut aita
hala zen aitona
zer ote genetika
zer ote hormona
nahiz eta irribarrez
maiz zatozten hona
ez da ikusten norberan
kaxkoan dagona
ta ez ahaztu esaera
zaharrak diona:
barre azkenak egiten
duela ondona.

Saioa: Amezketa, 2019-02-08. Bertso jarrien afaria, VI. edizioa. Antolatzailea: Harituz, Tolosako Bertsozale Elkargunea. 

Bideoa: Anbune.