Ezagutzen ez den magaletik igo daiteke portua, aldapa baina izan daiteke norbere baitan sortua. Nahiz badakidan eskubide hau dela kostata lortua, ez da izan nik aukeratua sabel barruko mortua ta kokaleku berri batetik ikusi det abortua.
2.
Ginekologo batek esanak sortu dit nahiko etsipen: "jende askori gertatu arren hontaz ez da hitz egiten". Gordetzen dugu min eragiten digun hamaika bizipen ta intziri bat ahots isilen tokia hartzera da irten, kontatzen ez den hori bihurtzen baita soilik irudipen.
3.
Bederatzi aste ta azeituna baten tamaina zuenak nola eragin ditzake halako hutsuneak ta dilemak? Sentitzeko ere bilatu ditut arrazoiaren baimenak... Sentiarazi ta pentsarazi dit bizitako honek denak gure gorputzen minak ez ote diren jendartearenak.
4.
Logureak ta pixagureak joan zaizkit berehala, titiak hustu zaizkit galera sinetsi dudan ahala, bere onera itzultzen hasi da sabeleko azala baina onartu behar gorputzak "bera" erauzi dezala... Beraz nolatan jokatu ezer pasa ez balitz bezala!
5.
Proiektu eder bat ta izena ere bazituela demagun, galera horren kudeaketara hormonak batu ditzagun... Bai, tristuraren zama arindu nahi nuke egunez egun ta asmo onez esanagatik ez errepikatu, lagun: "Ohikoa da, lasai, berriro geratuko zera haurdun"!
6.
Dolua biziz pasatzen dela badet nahiko itxaropen baina tabua hausteko ezin nuen egon itxaroten. Gure doluez hitz egitea litzateke nahiko lorpen... Prozesu honen ondorenean ze zoriontsu nengokeen herritar gisa ikasiz gero laguntzen eta egoten.