Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB | Bertsoikasgela Bertsozale Elkartea
Bertsoeskolak Bertsoeskolak

Enpresa-gizon batek martxoaren 8an jarriak

2019-06-26

Martxoaren 8an greba egin du andreak, eta etxearen kargu gelditu den enpresa-gizonaren pentsamenduak. Emanaldia: Harituz, Bertso Jarrien Gaua.
1.
Gabon Asteasu ta
bere hondarea
aurkeztu nadin ni naiz
Blas Etxeparea
gizon arrakastatsu
ta burujabea
Gamesako sekzio
baten zutabea
emaztea aldiz det
etxeko andrea
nik asko irabazten det
hori da klabea
emaztea aldiz det
etxeko andrea
nire hizkuntzan: sekula
lan egin gabea.

2.
Haurrak eta etxea
daude bere kargu
loreei ura bota
ta egin lau enkargu
baino gaurko egunak
aldaketa zor du
ta andrearekin hala
egin det akordu
zortzi orduz lanean
ohituta gogor gu
gaur denera egin behar
ditut bi otordu
zortzi orduz lanean
ohituta gogor gu
zertan pasako ditut
beste zazpi ordu?

3.
Zazpitan jeiki naiz ta
tostadak plateran
jarri dizkiet haurrei
egun hasieran
gero oheak egin
ta jantzi primeran
ta eskolara eraman
guztia karreran
etxekoandreak lanik
ez badu beregan
ezin ulertu nabil
zertan dauden greban
etxekoandreak lanik
ez badu beregan
zergatik gaur pilatu
zaizkit hainbeste lan?

4.
Enpresan misterio
handirik ez dago
nagusien esana
bete ta akabo
baina etxe hontan nahastu
nauzue zeharo
ados jar zaitezte Jon,
Leire ta Izaro
batek lan bat agindu
besteak gehiago
sistemak ez, sendiak
egin nau esklabo
batek lan bat agindu
besteak gehiago
nagusirik ez eta
denen menpe nago.

5.
Lanik ez izateko
hau da hau lan sorta
lau gelak garbitu ta
zabaldu arropa
ez dakit lana eginez
naizen haren kontra
ezer bada hauxe da
langile borroka
andrearen laguntza
nahiko nuke topa
lasatzeko lepoan
estutu dan soka
andrearen laguntza
nahiko nuke topa
berak zergatik ez nau
inoiz faltan bota?

6.
Asetzeko umeen
gose ta egarri
prestatu ditut hiru
xerra errukarri
zailena eginda zegok
nahiz pentsatzen jarri
mahaian jarritakoan
begira elkarri
semea etorri da
eskolatik larri
behar ditu entzungo
duten bi belarri
semea etorri da
eskolatik larri
zergatik nik ez diot
zer duen igarri?

7.
Sukalde txoko baten
laurok adi adi
xerrari bultzatzeko
trago bat urari
inork ez dio ezer
esan nahi aitari
kaiola bihurtu da
lehen zena kabi
nahiz ta saiatu naizen
gogor ta ugari
ixiltasun hau ez zen
etxean aspaldi
nahiz ta saiatu naizen
gogor ta ugari
ahalik ta ondoen baina
ondo ez naiz hari.

8.
Nahiz greba egitea
zeukan gaur promesan
ni estu ikustean
zenbat kontraesan
laguntza eskaini dit
ta nik ezetz kexan
guzti hau nire kontu
gaur sofan zu etzan
eskerrik asko esan dit
hau nire sorpresan
esfortzua emango
zela ikus nezan
eskerrik asko esan dit
hau nire sorpresan
nik ez diot sekula
halakorik esan.

9.
Konpromisua nahiz ta
hartu nire kargu
orain gizonak ezin
batean dihardu
makina artean nahiz ta
moldatu bizkor gu
etxe barruan denak
egin dit estorbu
egirik bada harek
aitormena zor du
dena ez zen egitea
pare bat otordu
egirik bada harek
aitormena zor du
laburregi geratu
zaizkit zortzi ordu.

10.
Garbitzaile, zaintzaile
sukaldari, ama
gizonik ba ote da
guzti hori dana
eguna bukatu det
ohean etzana
lana garaitua ta
ni nekeak jana
agur martxoak 8
bukatu da lana
bihar berriro berak
egingo du dana
agur martxoak 8
bukatu da lana
bihar egin dezagun
biok erdi bana.

Emanaldia: Asteasu, 2018-02-23. III. Bertso Jarrien Gaua. Antolatzailea: Harituz Bertsozale Taldea.