Entzule sasi-jakintsuok, bertso bat entzun eta egin ohi ditugun komentario eta epaiak. Iturria: Bidasoko Hitza.
1.
Alferrik ez da joan sagardotegira ordu t’erdi sagardo basora begira: -«Hau aromatikoa, motela hori da». Uler ezin dudanaz tira eta bira. Ba bertso berriketak gauza bera dira.
2.
-«Teknikoki zorrotza ta errimaz gertu, ahots propioa du bertsotan agertu». -«Goitik ondo landu du amaieran lehertu, emandako kolpea ezin da baztertu». Elkarrizketa ez dut zipitzik ulertu!
3.
-«Puntuz puntu egin du bertso bat osoa, diskurtso landua du umore gozoa». -«Bertsolari freskoa eta airosoa». Kontzeptu arrotz bati jarri diot soa: zer izango da goitik beherako bertsoa?
4.
-«Ertz gabeko bertsoak denontzat atsegin». -«Horiek borobiltzen hamaika ahalegin». Esplikatu mesedez argi gera dedin, irrist egin omen du aurrekoan berdin, nahiz bertsotan geldirik dagoela egin.
5.
Luzea omen dugu bertsoaren soka, eta hau epaitzeko daude mila mota, ni kontzeptu denekin galduta nago ta, gainera ez dugunez hau norgehiagoka! Txalo hotsak jar beza bertsoaren nota.