Ozeanoarekin duen harremanaz. Iturria: Bertsolari Aldizkaria.
1.
Gure etxeko leihotik iparra dabilenean gizakiak gaua uzten badu isiltasunean itsasoa entzuten da olatuen jardunean korrontea nola doan mendeetako lanean. Ozeanoak indarra baitu bere sakonean bertara hurbiltzen naiz ni ahal bada, zuzenean bizitzaren itsasoan denboralea denean (bis).
2.
Hamar urte nituela Amabirjinak aldera bi arrebekin joan nintzen hondartzara bainatzera korronteak hartu eta ezin kanpora atera ura zihoan goraka nire gorputza behera. Bi sorosleren besotan atera nintzen aurrera hauxe da nire buruan sarri sortzen den galdera aprobetxatzen al dudan nire bigarren aukera (bis).
3.
Ez nindu(e)n kokildu baina zurrunbiloen indarrak olaturik baldin bazen atera txanpero zaharrak. Aletak jantziz oinetan atzean utzi aparrak goitik behera, a zer txanpak zuzenak eta azkarrak. Surfaren modak gerora bete zituen baztarrak Hawaiien asmatu zela diote amerikarrak taula han sortu zen baina ez ziren izan bakarrak (bis).
4.
Arbaso zuzenak ditut Aita Mari, Pako Rata liburuetan jasorik ez dauden hainbat pirata. Sare konpontzaile fina arrain saltzaile aparta Getariako portuan “Sheriff”a zen gure aita. Nahiz bizimoduak nauen itsasertzetik aparta hura dut nire arnasa insomnioan, lo kanta kresalak suspertzen nau ni eta ez dadila falta (bis).
5.
Txalupa txiki bat badut ez nintzen asko nahasi aitarekin txikitatik nuen arrantzan ikasi. Estresak harrapatzean eroturik banaiz kasi leman ipintzen naiz eta kanpora noa ihesi. Galdera bada “ontzian zergatik ibiltzen haiz hi?” bertan zer egiten dudan garbi nahi dut adierazi diru pixka bat gastatu (e)ta bizitza irabazi (bis).
6.
Berdin zait zein den aukera arrain txikia, berdela, hondarrazpiko, txitxarro edo muxarra bestela. Gustora prestatzen ditut aparejoa, kordela jakinda barratik kanpo mundua zabaltzen dela. Baga txikiak kulunkan daramanean batela jakin zazue guztiok hortxe sentitzen naizela amak bere magalean hartu banindu bezela (bis).