Zuk ez galdetu zergatik, badugu aski ibilgu, ikusten dizut bertatik nahiz ta bi ezpainak bildu. Ez dakizunik ez dakit. Hau zer-nola darabilgu? Hitz egin zazu zugatik ta ez nigatik isildu.
2.
Bakoitzak besteen Nirvana sentitzen du zingiratsu ta hala ere nigana hurbiltzearren biba zu! Bi begiri begi bana, isiluneak dira su, zer da esan zenidana ta zer esan nahi didazu?
3.
Hitzetik batuok noizbait hitza badugu lanabes, gogora ditzaket zenbait hizketaldi boz herabez: noiz egiten duzun gogait, zeri degiozun amets… zenioena ahaztu zait; isildu zenuena ez.
4.
Izango ez da ba haizu urteen iragaitea! Haserako su dirdaitsu hura bihurtu zait kea. Bai, zuri ari natzaizu. Lasaitzen saia zaitea, zopa hozten ari zaizu, ez negar egin, maitea.
5.
Nork esaten du murrua ez daitekeenik erori? Estutzen zaizun larrua bada nahikoa galzori. Aska ezazu barrua, ondo dakit zer den hori… ez dela nire errua baina ez zaudela ongi.
6.
Ez da samurra egien aho-zapore totela, sentitu arren alien zeure etxean zaudela ziurrenik “carpe diem”. Korritu zaizu rimmela… akaso bazenekien nik ere banekiela.
7.
Baina nahi bainuen bizi aske bezain efimero ez biktimismo, ez luizi, hautua hautuan bego. Zure agurra iritsi baldin bada honezkero onartuko dut lehenbizi ta ulertuko dut gero.
8.
Oro ez da laztan, musu… hau ez da hausnartua bart, beti dira arriskutsu izan beharraren trabak. Zoaz urrun, aldendu zu, joan, askatu erabat. Zuk eskubide bat duzu ta, beraz, nik ardura bat.
9.
Zu isilik. Antza, hautsak neuk mugitzea aski zen, komunikazio-pausak maiz ez ditut digeritzen. Bota gabeko perpausak osatzera ohitu nintzen zergatik ez zara gauzak esatera atrebitzen?
10.
Oroitzapenak multzoka gorde ditut zuregandik, orduan moztu zen soka; kolpea orain eman dit. Nola bi aste masoka igaro ditudan handik amaitu ez zenuen zopa mahaian dago oraindik.
11.
Gogamena ordudanik dut pixkanakako mudan zure hitzak nik esanik zeu burumakur, menturan. Nahiz berandu den jadanik orain ipini dut dudan zu isiltzen zinen ala nik isilarazten zintudan.
12.
Zurekin daramazunak mindua horren da ubela… Gaur ere horditasunak pasarazi dit gaubela. Zinenaren oihartzunak utziz geroztik hau gela uste dut isiltasunak ni seinalatzen nauela.