Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB | Bertsoikasgela Bertsozale Elkartea
Bertsoeskolak Bertsoeskolak

Tximista eta trumoia

2022-07-11

"Hike eizan!" I. Bertsopaper Lehiaketaren irabazlea. Ipuin bat bertsotan kontatua, noka.
1.
Lehengoan leiho koxkan
txorrotxiogintzan
jarritako txepetxa
kontaria izan
kantatu nahi ninake
harek egin gisan
tximista ta trumoia
zer-nola dabiltzan.

2.
Tximista dun beroa,
tximista hauskorra
energia askodun
ekile bizkorra
behin helburu bat jartzen
badin egoskorra
handik edo hemendik
helduko dun horra.

3.
Trumoiarena ez dun
antzeko kasua
berea aldiro dun
bigarren pausua
patxarosa, pikati,
erdi setatsua
nahi ez duela ere
zalapartatsua.

4.
Presio desberdinak
parekatu xede
zeru-lurrak astindu
asmoz goi ta behe
nahiz ta elkarrengana
moldatu hain trebe
izan dizkiten euren
istiluak ere.

5.
Orain milaka urte
nolako estanpa
basoa guztin bete
zunan tantaz tanta
Tximistak hartu zinan
haserre galanta
Trumoi beti berandu
iristen zunan ta.

6.
Ibili ordez lehen
urratsa nork eman
batera hobe zela
zitenan antzeman
baina predikziorik
gabeko sisteman
bihotzeko ugari
eman zizkitenan.

7.
Ez zitenanez maite
bihotzik haustea
erabaki zitenan
ordenari eustea
aleatorioki
zerutik jaistea
batzutan lehenengo bat
bestetan bestea.

8.
Jolasaren graziaz
edo ohartuta
lagunaren lekua
hartzen ausartuta
elkarlanean ditun
erabat sartuta
konfiantza eskainiz
ardurak hartuta.

9.
Beraz gaurtik aurrera
ekaitza lehertzean
jarri hire etxeko
atari ertzean
ea igartzen dunan
segidan heltzean
noiz datozen haserre
ta noiz jolasean.