Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB | Bertsoikasgela Bertsozale Elkartea
Bertsoeskolak Bertsoeskolak

Isiltasunari

2022-07-15

Gailuak itzali eta barrurantz begira jartzeko gonbidapena. *Haurrei zuzendutako sorta.
PDF
1.
Lagunaren galdera:
Zer da isiltasuna?
Gure baitan dagoen
bideko laguna.
Beti hor dago baina
ez da ezaguna
Jasanezina edo
ukendu biguna
Beti hor dago baina
ez da ezaguna
Bakea kendu edo
ematen diguna.

2.
Hitzekin ta zarataz
nahiz sarri tapatu
ihes ibili arren
berriro topatu!
Bakardadearekin
nahi luke elkartu
ta gozamenerako
biek elkar hartu
Bakardadearekin
nahi luke elkartu
ta nik ikasi nahi dut
nolatan gozatu.

3.
Mikrofono aurreko
pentsatze garaia
ondoen txaloekin
apurtzeko nahia.
Sormenerako bide,
tresna eta gaia
entzuleen arretan
erritu lasaia.
Sormenerako bide,
tresna eta gaia
hitzaren adiskide
hitzaren etsaia.

4.
Opor garaian eta
igande goizetan
eskoletako gela-
jolastokietan
a zer isiltasuna
bazter guztietan!
Naturan presente da
kilkerren hotsetan
A zer isiltasuna
bazter guztietan!
Baina arreta daukat
makinatxoetan.

5.
Sentimenduetara
nahi badut hurbildu
eta bake-bakean
neure baitan bildu
buruko batukada
beharko isildu!
Pentsamendu-zaratak
bake dena hil du
Buruko batukada
beharko isildu!
Eta soinu gabeko
mundura amildu.