Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB | Bertsoikasgela Bertsozale Elkartea
Bertsoeskolak Bertsoeskolak

Bertso berriak, lehorteari jarriak

2022-09-21

Albistegietan notizia izatera iritsi den eguraldiari jarriak. Osinalde Sariketaren 50. urteurrenean abestutako sorta.
PDF
1.
Ezker eskubi, kosta edo barru,
gurean dena bi zati
Kortatu-Hertzainak, hotz edo bero,
eguraldi zein gizaki.
Nahiz buru hauste ta kezka frango
ekarri dion hainbati
falta denetik umore tanta
bat egin nahia aitzaki
bertso berriak jartzera goaz
nahiko kontu lehor bati.

2.
Kirolen berri eman ostean
“Gaur Egun”ek egunero
“Eguraldia”k eguzki bera
dakar ipar eta hego.
Denborak eta tenporak guztiz
nahastu ote dira edo?
Euskal Herrian noiztik hainbeste
zeru urdin, giro bero?
Pello Zabala joan zenetik
hemen ez da giro gero!

3.
Agortu dira mendiko iturri
eta urnear gardenak.
Alferrik dira Zarautz Golf Resort
ta Endanea Gardenak.
Zigarro paper bihurtu dira
haitz gazte eta zardenak,
inon kaktusak baldin bazeuden
haiek ere ihar denak...
Martxa honetan laster dira bat
Aralar eta Bardenak.

4.
Lehen entzutean “Gaur giro argi
ta eguzkitsua”ren kanta
etxera bueltan eraman baietz
zopa eginda bi hanka.
Orain diote “Bota behar du,
bota behar du galanta!
Harria ere botako du ta
jarri Ford Fiestari Manta.”
Hainbeste alarma eta espantu
ta azkenean bi tanta.

5.
Hari bat soilik geratzen zaie
lehengo pixa parrastan.
Ibilera hauts, muturra arrauts
ta lizar hostoak bazkan.
Ipurtaldean, hezurrak bistan,
mingaina berriz, arrastan.
Isladatzeko adina ere
ez zaie geratzen askan.
Auskalo Ikerrek bere behorrak
nongo urarekin dauzkan…

6.
Ta Euroganberan ingurumena
nahiz izan gaietan azken,
txanpain burbuilez okitzerako
hara pare-bat ebazpen:
Hiri handitan kotxeak fuera
astelehen zein asteazken.
Egin metroa ta autobusa
hasi erabilarazten.
Goierritarrak beti besteen
miseritik aberasten.

7.
Hala ta guztiz hantuste askok,
itsas maila ta udalde
hitzak ahoan darabilzkite
eta ez noski, debalde.
Ibiur hazi, Yesa zabaldu,
Añarben zer egin galde…
Ur pilatua bikoiztu nahi ta
ezin hornitu bi balde.
Plano gainean enbalse ziren
eta lurrean enbalde.

8.
Txinoei buruz aritu dira
Berria, Cope ta La Ser
hodeietara tiroka ari
direla misil ta laser.
Gobernanteak eguraldia
bere desio ta plazer
txikietara moldatu ahal
izango omen du laster.
Lehen erauntsi gutxi munduan
ta hori lortzen bada zer?

9.
Ta guri, berriz, sarri ahotik
joaten zaigu ibilera
baina serio jarri gaitezen,
Murua; deitu bilera!
Mut(ur), Z(ur)ito, Zi(ur), Amal(ur),
(Ur)run edo H(ur)bilera.
Am(ur)izaren lib(ur)u edo
Carrefo(ur)eko ilera…
Bertsotan ere murritz liteke
URaren erabilera.

10.
ETBn noiztik eguraldia
albisteen lerroburu?
Metereologo, Euskalmet, azti,
bost iragarle inguru…
Denak alferrik gabiririar bat
baita zeru-lurren guru;
dilubioak ez baldin bada
hark salbatuko gaitu gu.
Ozeanoak lehortzerako
zatoz Andoni Aizpuru!