Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB | Bertsoikasgela Bertsozale Elkartea
Bertsoeskolak Bertsoeskolak

Desenkontruak

2023-10-02

Hitzetik Hortzera saiorako jarritako sorta. Musikariak: Eneko Sierra Lataillade eta Beñat Antxustegi Goikoetxeta.
1.
Bi lankide on, elkarren habe
edo bi lagun, bi lagun klabe
edo bilerek batzen dituzten
bi kide, elkarren sare.
Harreman denak, onenak ere
beti ez doaz parez pare
joan ta etorrian daude
eta gurea eskuetatik
joan zaigu espero gabe.

2.
Kidetasun bat neurrira egina
ustez zaindua behar adina
une batean haria eten
ta eskutan dugu erdina.
Zer gertatu da? Non galdu gara?
Hauxe da nahi ta ezina…
Ez da nahita eragina
baina atzerantz zail da itzultzen
desenkontru baten mina.

3.
Lehen harremana ez zen puztua
bai aldiz doia eta juxtua
noblea eta eskuzabala
elkarrekiko juzkua.
Haria eten eta bularra
geratu zaigu hustua
ta tristuran gorpuztua
izan zitekeen ulermen baten
esperantza zapuztua.

4.
Bi begirada, bi sentimendu…
Hau goxatzerik baldin bagendu…
Zeinek ez du zein kontuan hartu?
Lotura nola mantendu?
Elkarrengana lehen konfiantzaz
lasai hurbiltzen ginen gu
orain zenbat pentsamendu…
Isiltasun bat sortu da eta
zarata eragiten du.

5.
Distantzia hau hain da gazia
hoztasun honek sorrarazia
ez zait gustatzen sentitzen dudan
patxadaren eskasia.
Beldur txiki hau ez bedi izan
handiagoen hazia
bada zer irabazia…
Berriz bidea egin dezagun
nork kenduko du sasia?

6.
Zer dugu zauri ta zer haragi?
Ez dut jardun nahi ari ta ari
korapilo bat eztarrian ta
hitzak jartzen ezinari.
Besarkada bat izan daiteke
urrats berrien atari
berriz izateko kabi…
Korapiloak egiten gaitu
mataza bereko hari.