Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB | Bertsoikasgela Bertsozale Elkartea
Bertsoeskolak Bertsoeskolak

Zahartuko gara

2023-10-17

Hitzetik Hortzera saiorako jarritako sorta. Musikariak: Eneko Sierra Lataillade eta Beñat Antxustegi Goikoetxeta.
1.
Aurre gabeko atzea,
helmugara ailegatzea,
behin hasia bukatzea.
Zenbat alditan amestu ote den
denboraren geratzea,
zaila da irudikatzea
inon larruan sartzea,
zer ote da zahartzea?

2.
Handitzean edadea,
galtzen da habilidadea,
askoren atsekabea.
Sentitzen hasten zaren unean
ia baliogabea,
non da komunidadea?
nork osatzen du sarea?
Nork moztu bakardadea?

3.
Erresidentzi aukerez,
herentziz eta karterez,
zein osasun gorabeherez.
Bere aurrean aritu dira
seme-alaba asko berez,
familiako aferez,
oinerdekoen boterez,
ulertuko ez balu legez.

4.
Gizarte independente
bat eraikitzeko bete
mila pisu indezente!
Joan ziren lehengo etxalde eta
famili omnipresente,
Lehen mundu dekadente
hontaz ez gara kontziente
ta auzokoa ausente.

5.
Begitara begiratzen
jarrita ez gara biratzen,
baina eztugu hitzik hartzen.
Mila galdera ditudan arren
egitera ez naiz ausartzen…
Zerk ote gaitu banatzen?
Kostatzeko hainbeste asmatzen,
nagusiekin harremantzen.

6.
Bizitzan azken bolada,
bakoitzak bere bolara,
bizitzeko kaiola da.
Zubi guztiak erre ditugu
inor ez heltzeko hara,
urrutitik badaezpada,
nahiz aldendu begirada
denok zahartuko gara!