Musika eta ahotsa: Makalo. Irunabar, Irungo Bertsoaren Bilguneak sustatuta egindako sorta musikatua.
1.
Zein polita den hiru umeren begietako dirdira baina itsustu daitekeena adi jarrita begira. Eguneroko bizitzan dauden gertakarien harira irabazteko zailenak beti gerra txikienak dira.
2.
Gurean behintzat ohiko dira purrusta eta protesta denon oihuez etxea dugu dezibelioz gainezka. Ingurukoek hala diote: horren arraroa ez da! Beraz, nahi dugun lasaitasuna ezinezkoa da, ezta?
3.
Ez, ez eta ez izaten dugu erantzun ohikoena, uste al dute modu horretan lortuko dutela dena? Baina eurengan nork ernatu du errebeldiaren sena jada zainetan baitaramate kontra egitearena?
4.
Otorduetan ere liskarrak jakiekin egunero, dutxa garaian euren aldetik borondaterik balego! Negar zotinka hasten zaizkigu lotara esan ezkero umeak bizi poza direla salduko digute gero.
5.
Aratz "handia" dugunez dena egin nahi du bere kasa, Izarrek dio bera ez dela guk uste bezain eskasa. Zazpi eta bost urte dituzte, sakon hartzen dut arnasa… handiusteko ume hauekin asmatzen ez da erraza.
6.
Iraitzek bere jolas berria behingoz albora dezala, bi urterekin eskalatzea noiztik dugu ba normala! Besotik helduz, "entzun maitea jaitsi hortik berehala" baina zergatik begiratzen dit behiak trenari bezala?
7.
Nahiz sarri dantzan jartzen gaituzten despistatzen garenean bizitza eder egiten duten gauzak dira azkenean. Gerra txikiez kexatu arren ongi gaude gehienean elkar goxatuz eta gozatuz aukera sortzen denean.