Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB | Bertsoikasgela Bertsozale Elkartea
Bertsoeskolak Bertsoeskolak

Erreferenteak matematiketan

2023-10-30

Musika eta ahotsa: Jone Garmendia Castaños. Irunabar, Irungo Bertsoaren Bilguneak sustatuta egindako sorta musikatua.
1.
Erreferente bat izateak
egiten digu mesede:
Pitagoras, Gauss, Euler, … badira
gizonen hamaika lege.
Emakumeek ez zuten arren
merezi beste botere,
erreferente asko badaude
matematiketan ere.

2.
HIPATIAk zer ekarri ote
zuen Alexandriara?
Aurrerapauso asko aljebra
eta astronomiara.
Irakaskuntzan ere zabaldu
zuen bere lan ilara,
ezagutzen den lehen emakume
matematikaria da.

3.
AGNESIk egin zuen lotura,
gaztea zela artean,
aljebra eta ekuazio
diferentzialen artean;
noski, kalkulu dibulgazio
lanak egin bitartean.
Behar du toki diferentzial bat
gaur egungo jendartean.

4.
KOVALESKAIAk egindakoez
ote gara jakitunak?
Cauchy-ren lan bat hobetu zuen
SOFIAren erantzunak,
definituta utzi zituen
Saturnoren eraztunak.
Biak, izenak eta lorpenak,
izan bitez ezagunak!

5.
EMMY NOETHERren lana aljebra
abstraktuan aitzindari;
Teorema bat badu berea
zabaldua munduari.
Emakumea zenez igaro
arren zailtasun ugari,
pasio handiz bizitza eman
zion matematikari.

6.
KATHERINE JOHNSON famatu zuen
bere NASAko karrerak
orbitetako mekaniketan
zenez erreferente bat.
Ilargirako ibilbidea
kalkulatu zuen berak;
ea gai garen aireratzeko
orain bere ibilerak.

7.
Ikertu eta zabaldu ditu
ipini arte ulergai
geometria, topologia
eta beste hamaika gai.
MARTA MACHOren bizitza bera
dagoenez zientziaz blai,
matematika bultzatuz dabil,
berdintasuna ere bai.

8.
MARY SOMERVILLE zein SOPHIE GERMAIN,
MIRZAKHANI ere berdin,
matematika landu zutenak
hori baitzuten atsegin.
Etiketetaz ahaztu eta
ilusioa jaregin:
lehen baziren, orain badira, …
zuk zer nahi zenuke egin?

Iturriak: www.irunabar.eus (Irungo Bertsoaren Bilgunearen bloga) eta www.irunero.eus.